Erriberako merkatuak bi milioi bisitari baino gehiago jaso ditu 2015ean

uriola.eus 2016ko urt. 13a, 09:00

Erriberako Merkatuak 2.050.799 bisitari jaso zituen joan den urtean, 2015ean; hau da, 6.500 pertsona baino gehiago egunean, eta aurreko ekitaldian baino %11 bisitari gehiago.

Pertsonak zenbatzeko ekipoak Merkatuaren hiru sarreretan daude. Erriberako sarbidea da jende gehien jasotzen duena, bertatik sartzen baita bisitari guztien %50,01, San Anton zubiko sarreratik %26,25 eta Mesedeetako zubikotik %23,74.

Merkatura joateko ohiturak

2015eko ekitaldian jasotako datuetatik ikus daiteke sarreren hileko batez-bestekoa 170.900 sarrerakoa izan dela, eta abendua izan dela bisitari gehieneko hilabetea, 290.369 sarrerarekin, hau da, urteko sarrera guztien %14; aitzitik, bisitari gutxieneko hilabetea otsaila izan zen, 129.615 sarrera izan baitzituen.

Azpimarratu behar da abuztuan gune gastronomikoa zabaldu zenetik bisita kopuruak gora egin duela hauteman dela. Horrela, abuztuan gune hori zabaltzearen eta Gabonen eraginaren ondorioz, urte osoko sarreren %53,5 abuztutik aurrera izan da.

Ordu batean edo bestean sartzeko joerari dagokionez, bisitari gehieneko ordua, astelehenetik ostiralera zein larunbatetan, goizeko 11:00etatik 12:00etara izan da.

2015ean Merkatuak jende gehien jaso zituen egunak abendukoak izan ziren, urtean bisitari gehien jasota zuen hilabetekoak, hain zuzen, eta sarrera kopuruaren arabera, hauek izan ziren: lehenbizi, abenduaren 30a, Gabon Zahar bezpera, 17.733 sarrerarekin; ondoren abenduaren 5a, 16.630 sarrerarekin; abenduaren 12a, 15.597rekin; abenduaren 23a, Gabon bezpera, 15.084rekin eta azkenik, abenduaren 29a izan zen urtean bisita gehien jaso zen bosgarren eguna, 15.047 pertsonarekin.