Bizitza bakoitzetik bestera aldatu egiten gara, horrela, urtez urte, desalojoz desalojo, borrokaz, lanez eta barrez eraiki dugu egungo Alde Zaharreko gaztetxea. Aurrean izan ditugu, manipulazioak, kontrolak, intoxikazioak eta joko zikinak. Barruan ordea, mota guztietako katuak, atzapar zorroztuak eta gazteagoei atzaparrak zorrozten lagundu dietenak, bibotea orrazten dutenak eta oraindik bibotean ilerik ez dutenak, katukumeak, katu punkiak, katu gorriak, katu berdeak, laranjak eta moreak.
Katuak beti erortzen omen gara lau hanken gainean. Interesgarria, estropozu egin, ipurdiz erori eta berriro altxatzera ohituta gauden katuontzat. Alde Zaharreko gazteok ez dugu teilatutik, eta salto eginez nahi duguna lortzen saiatzeko beldurrik gabe aurrera goaz; erratu gaitezkeen arren, berriz ere zutitu eta salto egiteko prest jarri gara. Gazteok gazteontzako auzo bat eraiki dezagun.
Katuak garbiak garela ere esan izan da, baina utz dezagun eztabaida hori beste baterako...
Katuak kalekumeak gara, aktiboak, burugogorrak eta alaiak. Badakigu behar denean hortzak erakusten, eta entzun dugunaren arabera... arratoiz beteta omen daude gure auzoko frankizia eta multinazionalak, ÑAM ÑAM! Gurekin jai duzue! Haien buruari lehoi deitzen dioten harroputzen hirian katuok atzaparrak ateratzea erabaki genuen eta ordutik ez ditugu gorde, 9 urtez.
Ez dugu arratoi eta sasi-lehoien hiri honetan bizi nahi, katuok bagoaz, alternatibak ezagutu eta eraikitzera, bizi eredu justuago bat eraikitzera. Formakuntzatik eraikuntzara pasatzeko ordua da.
KONTZIENTZIAK OKUPATUZ, ALTERNATIBAK ERAIKI!