Garik 'Gaizki moldatzen dira' ikuskizuna estreinatuko du gaur Iñigo Astizekin batera

uriola.eus 2016ko urt. 19a, 08:30

Gaizki moldatzen dira da gaur, hilak 19 (20:00etan), Arriagako Gelatxoetan, Garik eskainiko duen ikuskizunaren izena. Hitzordua 'Literatura eta musika euskaraz' zikloaren barruan eskainiko da eta Garirekin batera Iñigo Astiz kazetari eta idazlea zein Oier Larrañaga pianista arituko dira.

Arriagako foyerrean eskainiko den Gaizki moldatzen dira erabateko estreinaldia izango da. Gariren sorkuntza lan berria benetako inkognita da, artistak berak horrela izatea nahi duelako. Dena den, hori bai, Garik emanaldi "ederra eta oso berezia" agindu du. Hori da azken 30 urteetako eszena euskalduneko erabateko erreferente den, eta Hertzainak talde mitikoaren buru gisa oso ezaguna izan den artista horrengandik itxaron dezakeguna.

Garik, Berria egunkariko kazetari den Iñigo Astizen laguntza izango du. Kulturaren alorrean espezializatuta dagoen kazetariak poesiarekin duen harremana sakondu du azken urteotan. Horrela, 2012an Baita hondakinak ere (Susa, 2012) lana argitaratu zuen, eta hurrengo urtean Sylvia Plathen Ariel & other poems lana euskaratu zuen, Ariel eta beste poema batzuk (Denonartean, 2013) izenburua jarriz. 2014an Hondakindegia, poesia emanaldi EZ musikatua errezitaldia bultzatu zuen Mikel Aierberekin batera. Orain, bere ahotsa eta poesia gehituko dizkio Garik proposatzen digun opari eszeniko berri honi: Gaizki moldatzen dira. Ikuskizunari melodia emateko, Oier Larrañagak pianoa joko du zuzenean.

Ikuskizunerako sarrerak 8 eta 12 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.