Joxe Ramon Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirrek 'Heroiak' antzezlana taularatuko dute Arriagan

uriola.eus 2016ko urt. 20a, 09:16

Gaur, urtarrilak 20, Arriaga Antzokiak, Txalo Produccionesen Heroiak azken lanaren erabateko estreinaldia jasoko du. Hiru euskal antzezle bikain, Joxe Ramon Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirre, izango dira Ramon Agirre berak egin duen Gerald Sybleyras dramagile frantsesaren Le vent des peupliers (Haizea makaletan) jatorrizko lanaren euskarazko bertsioko hiru "heroiak".

Jatorrizko bertsio hark Moliere sarietarako lau izendapen izan zituen, eta Tom Stoppardek egindako ingeleseko moldaketak komedia onenaren Laurence Olivier saria lortu zuen 2006an. Beraz, hainbat herrialdetan kritikaren eta ikus-entzuleen aldetik harrera bikaina jaso duen antzezlanaz ari gara. Orain euskaraz estreinatuko da, Begoña Bilbao Lejarzegiren zuzendaritzapean, Asier Sancho Senosiainen eszenografia zainduarekin eta Cristina Martinezen atrezzoarekin.

Oso istorio gizatiarra eta erabat dibertigarria da, barre egiteko modukoak ez diren azpi-doinuak ezkutatzen baditu ere. Abiapuntua hau da: gerrako hiru beterano borrokalari ohien egoitza batean daude. Enrique herrena da, Gustavok agorafobia du eta Felipek zorabioak ditu, buruan duen metraila zati bat dela eta. Gerraren ondorioak dira. Une jakin batean, gure hiru heroiak (lau, txakur baten harrizko estatua ere kontuan hartzen badugu) egoitzatik ihes egitea erabakiko dute. Baina, nora? Indotxinara? Gertu dagoen herri batera? Edo makalen artean haizeak gogor astintzen duen mendi tontorrera? 

Ikuskizunerako sarrerak 7 eta 18 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.