Federico Garcia Lorca omentzeko kontzertua eskainiko dute arratsaldean Bidebarrietan

uriola.eus 2016ko urt. 22a, 08:56

havanainside.wordpress.com

Gaur, urtarrilak 22, Bidebarrieta Kulturgunean Federico Garcia Lorca omentzeko kontzertua egingo dute, Lina Tur Bonet biolinistaren eta Alex Ramirez Gama pianistaren eskutik. Liburutegiaren areto nagusian egingo den ikuskizunean, Granadako poetak Bilbo bisitatu zueneko garaia gogoratuko da; zehazki, Bidebarrieta Liburutegian egon zen berak idatzitako poema batzuk irakurtzen.

19:30ean hasiko den kontzerturako sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte. Claude Debussy, Maurice Ravel, Francis Poulenc eta Manuel de Fallaren zenbait pieza joko dira, 27ko belaunaldiko poeta garrantzitsuaren gogoko konpositoreak denak ere. Omenaldiko kontzertua amaitzeko, Garcia Lorcaren beraren abesti espainol zahar batzuk eskainiko dira.

Kontzertuko arduradunak Lima Tur Bonet biolinista eta Alex Ramirez pianista izango dira.

Gazte-gaztetik musika barroko, erromantiko eta gaur egungo musikako artistarik ospetsu askorekin lan egin ondoren, Lima Tur Bonet biolinistak 400 urte baino gehiago biltzen duen errepertorio zabala dauka. Horrez gain, konpositore bakoitzaren musika instrumentu egokiarekin jotzen du: biolin barrokoa edo biolin erromantikoa.

Bestalde, Alex Ramirezek sariak irabazi ditu zenbait lehiaketetan bakarlari eta ganberako musikari modura. Gaur egun ganbera-musikan dabil batez ere, baina beste diziplina batzuetan ere interesa dauka eta kolaborazio batzuk egin ditu: Camerata Gramenet, 'Joans Valls' Ganbera-Orkrestra eta Andorrako Orkestra Nazional Klasikoa.