Juan Mayorgaren 'Fuenteovejuna' bertsioa eramango du La Joven Compañía taldeak Arriagako eszenara

uriola.eus 2016ko urt. 20a, 10:00

Ikus-entzuleek, Espainiako Urrezko Mendeko antzerkiko klasiko handienetakoaren emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute asteburu honetan: Lope de Vegaren Fuenteovejuna. Oraingo honetan, azken hamarkadako espainiar dramagile handienetakoa den eta nazioarte mailan ospe handia duen Juan Mayorgak egindako oso bertsio indartsua izango da.

Mayorga besoz beso aritu izan da antzerkian, operan eta telebistan egindako zuzendaritza lanak direla eta ezaguna den Jose Luis Arellano zuzendariarekin lanean proiektu hau aurrera eramateko, La Joven Compañiaren zuzendariarekin alegia. Arellanok zuzentzen du muntaketa hau baina aipatu beharra dago David R. Peraltoren laguntza ere izan duela. Izan ere, Arellano eta Peralto dira 18 eta 26 urte arteko 40 gazte baino gehiagok osatuta dagoen eta antzerki zirkuituko profesionalek zuzentzen duten La Joven Compañia plataforma artistikoaren buruak. Fuenteovejuna laneko antzezle taldea gazte horien arteko hamar pertsonek osatzen dute. Larunbatean, urtarrilaren 23an, arratsaldeko 20:00etan, eta igandean, 24an, emanaldi bikoitzean, lehenengoa 17:00etan eta bigarrena 19:30ean, igoko dira Arriaga Antzokiaren oholtza gainera.

La Joven Compañiak lan plataforma izan nahi du, antzerkiaren bitartez euren belaunaldiak gizartean bete behar duen lekua eskatzen duten gazteentzat. Proiektua ikastetxeetako Espainiar Hizkuntza eta Literatura sailetara dago zuzenduta, antzerkia gazteengana hurbiltzeko, euren prestakuntzaren parte gisa. Horrela, Juan Mayorgak proposatzen duen Fuenteovejunaren bertsioak gazteei hurbildu nahi die Lope de Vegaren testua, maisu lan bilakatu duten balioak murriztu barik: pertsonaia indartsuak, korapiloaren indarra, hitzaren edertasuna, keinu txikien eta mugimendu handien antzerki-izaera, etab.

Prestakuntzarako antzerkia

La Joven Compañiak, gazteentzako antzerki jarduera bultzatzeko lanean ikus-entzulea ere inplikatzea oso garrantzitsua dela uste du, ikusten duenari buruzko gogoeta egin dezan. Hori dela eta, emanaldi bakoitzaren ondoren, bertaratutako guztien partaidetzara zabaldutako solasaldia egingo da.

Gainera, astebururako programatutako hiru emanaldiez gain, La Joven Compañiak Fuenteovejunaren beste bi emanaldi eskainiko ditu Arriaga Antzokian astelehenean, urtarrilaren 25ean, goizeko 10:00etan eta 12:30ean. Antzezlanaren bi emanaldi horiek ikastetxeetara eta antzerki eskoletara bereziki zuzenduta egongo dira.

Emanaldirako sarrerak 7 eta 18 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Sinopsia

Fuenteovejunak garai oso bat nolakoa izan zen une, leku eta gizaki gutxi batzuetan erakustea lortzen du: pertsona umiliatuak eta errebeldeak, etorkizuna galdu nahi ez duten jaun zaharrak, jaun izaten ikasten ari diren jaun gazteak. Guztiek, modu konszientean edo ez hain konszientean, ordena baten heriotzaren eta beste baten sorreraren aurrean egotearen bertigoa bizi dute. "Mundua amaitzen ari da", dio Komendadoreak. Amaitzen ari da, inolako zalantzarik gabe, berea. Baina, zein da Enkomiendaren Etxeari egindako erasoan sortzen ari den mundua?