Xabi Ortuzar eta Yannick Vergarak ‘En lo bueno… ¿y en lo malo? komedia antzeztuko dute Arriagan

uriola.eus 2016ko urt. 21a, 10:00

Ostiralean, urtarrilak 22, hurrengo Arriagako Gelatxoa jendarteratuko da 20:00etatik aurrera. Oraingoan bi antzezle izango ditugu taula gainean, Xabi Ortuzar eta Yannick Vergara. Haiek izango dira En lo bueno… ¿y en lo malo? antzezlanaren protagonistak, Pablo Floresek eta Maria Salek idatzitako komedia erromantiko oso dibertigarria. Azken honek, gainera, zuzendariaren papera betetzen du. 

Antzezlan honetan, erreferente gisa berebiziko garrantzia dauka Dirty Dancing filme ospetsuak. Zalantza barik, komedia erromantiko bezala ezagutzen diren pelikulen artean ezagunenetakoa da filme hori.

Goizane eta Ekaitz dira istorioaren protagonistak. Ezkontzeko asmoa daukan bikotea osatzen dute eta zera pentsatu dute: ezkontza ekitaldian Dirty Dancingen amaierako koreografia dantzatzea. Baina entseguetan konturatuko dira dantza urrats batzuk imitatzea ez dela uste zuten bezain erraza eta, hori gutxi balitz, hurrengoa hausnartzera iritsiko dira: ezkontzeko ez dela nahikoa maiteminduta egotea… Ala bai?

Ikuskizunerako sarrerak 9 eta 14 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.