Melodia de Arrabal, Cuesta abajo, Volver… Carlos Gardelen ahotsak eta nortasunak, imajinario kolektiboaren parte diren denboraz gaindiko ereserki bilakatu zituzten abestiak dira. Mundu mailan tangoaren (beste musika estilo batzuk ere landu zituen arren) adierazle nagusia izan den abeslari argentinar handia 1935eko ekainaren 24an hil zen eta, ondorioz, iaz 80 urte bete ziren hil zenetik. Eta urteurren horri helduta, Granadako Jose Manuel Zapata tenore bikainak kontzertu berezia prestatu du. Hitzordua Arriaga Antzokian gozatu ahal izango da bihar arratsaldeko 20:00etatik aurrera.
Zapatak genio argentinar handiaren zenbait abesti bildu ditu, eta Gardel Mediterraneo izenburupean, musika bidaia proposatzen die ikus-entzuleei abeslariarentzat esanahi handia izan zuten lekuetatik; Espainia, Gardelek Europan lortu zuen arrakasta handiaren sarrerako atea izan zelako; Italia, abeslariarengan izan zuen eragin liriko handiarengatik; edo Frantzia, ustez Gardelen sustraiak zeuden lurra. José Manuel Zapatak eskainiko dituen lanen artean, Gardelek landu zituen zenbait genero izango ditugu, tangoaren presentzia garrantzitsuarekin, Mediterraneo inguruko geografiako beste soinu propio batzuekin batera, pasodoblea, Napoliko canzoneta edo tarantela, besteak beste.
Carlos Gardelen ibilbidearekin, eta ondorioz tangoarekin, erlazio gehien duten musika-tresnak –pianoa, gitarra eta bandoneona– erabiltzeko xedez, Jose Manuel Zapatak bi birtuoso ekarri ditu, bere abestiei musika euskarria emateko. Claudio Constantini pianoa eta bandoneona jotzeaz arduratuko da. Nazioartean lan ibilbide garrantzitsua duen eta mundu osoko antzokietan aritu den musikari eta konposatzaile bati buruz ari gara. Eta gitarran Juan Francisco Padillaren klaseaz gozatuko dugu, nazioartean lan ibilbide garrantzitsua duen beste musikari handi bat, oso gaztetatik bere musika-tresnaren haur prodijiotzat hartua eta sari asko eta asko irabazitakoa.
Jose Manuel Zapatari buruz
Lan garrantzitsua ari da egiten tenore gisa duela hamar urte baino gehiagotik, eta, horrela, rol nagusiak abestu ditu mundu osoko opera antzoki eta kontzertu areto garrantzitsuenetan (Teatro Real, Liceu, New Yorkeko Met Opera, Carnegie Hall, Berlingo Opera, Pariseko Champs Elysees, Regio di Parma, Theater and der Wien…), baina, hala ere, areto garrantzitsuetan baita ere, gehien atsegin duen musika estiloetako bat ere landu du: tangoa. Eta horren adierazgarri, duela 4 urte Tango: Mano a mano diskoa grabatu zuen. Disko horretan berarekin aritu ziren, bikoteak osatuz, Jose Merce, Miguel Poveda, Rocio Marquez edo Pasion Vega, besteak beste.
Emanaldirako sarrerak 9,5 eta 32 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.