Arantza Iturbek, Mikel Fernandinok eta Imanol Ituiño, Cafe Bar Bilbao Antzerki Laburreko Gidoi Lehiaketako irabazleak

uriola.eus 2016ko ots. 1a, 09:20

Arantxa Iturbe, euskarazko atalean, eta Mikel Fernandino eta Imanol Ituiño (ex aequo), gaztelaniazkoan, suertatu dira irabazle XIII. Cafe Bar Bilbao Teatro Gidoi Lehiaketan. Sari hauen helburua gidoigintza eta formatu txikiko antzerkia bultzatzea da eta Cafe Bar Bilbaok antolatzen ditu, Tartean Teatroa antzerkikonpainiaren laguntzarekin.

Euskarazko ataleko piezak Lagunik onena du izenburua eta egoera hau planteatzen du: bi emakumezko ezezagun, telefonoz hizketan ari dira itxaron-gela batean. Biek telefono bat baino gehiago dute esku artean. Batek, behartuta. Besteak, telefonoa libre nahi duelako espero duen deia iritsiko zain.

Egilea Euskadi Irratiko Arantxa Iturbe kazetari ezaguna da. Alegian (Gipuzkoa) jaioa, Arratsean irrati-saioa gidatzen du, kultur informatiboa zuzentzeaz gain, eta lanez kanpoko orduak idazten joaten zaizkio. Literaturan, hainbat genero jorratu ditu eta antzerkirako hitz dezente idatzi ditu ere. 1999an kaleratu zuen Ai ama! (Alberdania), amatasuna desmitifikatzen zuen bere bizipenetan oinarritutako narrazioa. Arrakasta handia lortu zuen eta Agurtzane Itxaurragarekin batera, antzerkirako adaptazioa idatzi zuen ondoren. Hika taldeak estreinatu eta gero, Max saria lortu zuen.

Mikel Fernandinoren Un pequeño paso para el hombre "Google Ondorengo 9075.urtean" kokatzen da. Leherketa nuklear baten ondorioz, Lurra guztiz suntsiturik dago eta lurtar batzuk 'Silosenovengo' planetara iritsi dira. Bertan, iraganeko tabernetan aurkitzen diren zabor-arrastoak artetzat hartzen dituzte eta areto horiek museo-liburutegi bihurtuko dira. "Zientziaren erlatibotasuna azken punturaino eramaten saiatu naiz. Gure ondorengoek, zerbait ikertzekotan, zera da: utziko diezaiegu kiloka zabor, eta biziki maiteko dute", azaldu du egileak.

Lanbidez antropologoa, Colectivo Literario Gilles de Rai-eko kofundatzailea eta Antes todo esto era campo aldizkariaren editorea da Mikel Fernandino sortzaile donostiarra. Gainera, El Pezpsiquiatra musika taldekidea da. Iaz, Amor breve en un acto vandálico obrarekin Pabellon 6 aretoak antolatzen dituen Antzerki Arinaren III. Jardunaldietan Alex Angulo saria eta publikoaren saria irabazi zituen. Otsailaren 25ean, Anodino Teatroa kompainiak Zerura Eroria bere azken antzezlana estreinatuko du Leioan.

Ramper lana Ramon Alvarez Escuderoren benetako istorioan oinarrituta dago. XX. mendearen hasieran Espainiak izan zuen pailazorik handiena izan zen, nahiz eta gaur egun gutxik gogoratu. Aktore bakar batek Ramonen eta bere alter ego den Ramperen paperak egiten ditu. Ramon edarizale eta erretzailea den eta bizitzaz nazkatuta dagoen gizon serioa da, eta Ramper, ostera, ironikoa, barregarria, bizkorra eta alaia. Publikoak garaiko izarrari elkarrizketa bat egitera doazen kazetari talde baten papera hartuko du. “Artistak taula gainean sentitzen duen porrotari beldurraz hitz egin nahi nuen. Hau dena garai zail batean, Gerra Zibilaren aurretik, bitartean eta ondoren. Ramper, Raquel Melleren babespean eta bilbotar batekin ezkondua, garaiko zirkoaren figura ukaezina izan zen”, adierazi du Imanol Ituiñok (Bilbao, 1989).

Lanbidez magoa, Ituiño Bilboko magoen historiaren inguruko Ilusion dokumentalaren egilea da. Ikusentzunezko Komunikazioa ikasi zuen Leioan eta Euskadi Irratiko Faktoria saioan kolaboratzen du, ilusionismoaren munduko pasadizoak kontatzen, asteazkenero.

Edizio honetara gaztelaniazko 35 lan eta euskarazko 12 aurkeztu dira. Idazle sarituek 1.200 euro jasoko dituzte, eta lanak liburu batean eta Cafe Bar Bilbaoren eta Tartean Teatroren webguneetan argitaratuko dira. Bi enpresok saritutako lanen muntaketa eta taularatzea bultzatuko dute.