Ivanna Rossik Celia Gamez berpiztuko du Emilio Sagik zuzendutako 'La Celia' ikuskizunean

uriola.eus 2016ko ots. 3a, 10:00

Celia Gamezek, errebista espainiarraren erregina handiak, bizia berreskuratuko du, Ivanna Rossi antzezle eta abeslariari esker. Lau hamarkada luzetan Espainian arrakasta itzela lortu zuen vedette argentinarra interpretatuko du. Bera izango da La Celia: Un musical homenaje a Celia Gamez lanaren protagonista; Santiago Castelok idatzitako eta Emilio Sagik zuzendutako lana. Joan den abenduaren 31n Arriaga Antzokiko zuzendaritza artistikoaren arduradun gisa 8 urteko ibilbidea amaitu ondoren lehen aldiz itzuliko da Sagi Bilbora lan bat aurkeztera. 

Musikal zirraragarri hori ostegunetik, otsailaren 4tik, igandera, hilak 7ra, bitartean eskainiko da. Ostegunetik larunbatera arteko emanaldiak arratsaldeko 20:00etan hasiko dira, eta igandekoa ordubete lehenago, 19:00etan.

Ideia iradoki zion Lino Patalanok eskatuta, Emilio Sagi Buenos Airesera joan zen, eta musikala muntatu zuen, Santiago Castelok idatzitako gidoian oinarrituta, lanaren musika zuzendaria den Jordi Lopezen moldaketa bikainekin. Ikus-entzuleak musika espainiar herrikoiaren 15 kanta ezagunenetakoak entzun ahal izango ditu, horien artean Los Nardos, La novia de España, El Gulu Gulu, El Pichi eta El Beso. Guztiak ere, Celia Gamezek bere azentu argentinar bikainarekin abestu eta oroimen kolektiboan grabatuta utziz hilezin bilakatu zituen kantak. La Celia lanean, Ivanna Rossi beste lau emakume antzezlerekin batera arituko da eszenatokian: Olivia Juberias, Begoña Alvarez, Maria Lopez eta Elsa Alvaro. Gainera, emanaldietan hiru musikarik zuzenean joko dute, Rosalia Lopezek pianoan, Javier Aznarezek biolinean eta David Sanchezek kontrabaxuan.

Espazio eszenikoaren diseinua Daniel Biancorena da, koreografia Sibilak sortu du, eta 50 pieza baino gehiagoz osatutako jantziak Renata Schussheimek diseinatu zituen. Aipagarria da, baita ere, Juanjo Llorensek argiztapenean egiten duen lana.

Musikal arrakastatsua

La Celia: Un musical homenaje a Celia Gamez, Madrilen arrakasta handia lortu ondoren heldu da Arriaga antzokira. 2015eko urrian bertan egon zen, eta sarrerak agortu zituen emanaldi guztietan. Jasotako harrera beroa ikusita, Arriagako emanaldiak amaitu eta gero ikuskizuna berriro itzuliko da Madrilgo Teatros del Canal antzokietara. Gainera, ikuskizuna gero eta interes handiagoa ari da pizten, eta konprometituta ditu dagoeneko emanaldiak Valentzian eta Bartzelonan. Eta hori gutxi balitz, La Celia eskaini da dagoeneko Buenos Aireseko Maipo antzokian, arrakasta handia lortuz, bi denboraldiz. Epealdi horretan sari hauek lortu zituen: 3 ACE sari (Asoc. Cronistas de Espectáculos), 3 Hugo sari, 2 Trinidad Guevara sari eta Florencio Sanchez sari bat Ivanna Rossirentzat, Musikaleko Antzezle onenari ematen zaiona.

Celia Gamez gogoratuz

Ivanna Rossik ematen dio bizia Celia Gamezen pertsonaiari, 21 urte baino ez zituela, eta Buenos Aireseko Maipo antzokian abeslari gisa denboraldi laburra eman ondoren, 1925ean, aitari senipartea kobratzera lagunduz, Espainiarantz abiatu zen gazteari. Trenean egindako bidaietan tangoak abesten zituen, bidaiariak dibertitzeko, eta ongintzako jai handia antolatzen ari zen norbaitek entzun eta bere ahotsaz eta atsegintasunaz txundituta, berehala kontratatzea erabaki zuen. Festa hartara Alfonso XIII. erregea joan zen, eta neska gaztearekin liluratuta, ia berehala lortu zuen osperako bidea zabaldu zion. Celia Gamezen ospea 50 urte baino gehiagoz luzatu zen, eta urte horietan Espainiako antzerkiko, errebistako eta zartzuelako erabateko erregina izan zen, eta mugak gainditu eta Buenos Airesen ere arrakasta handia lortu zuen. Espainiako Gerra Zibiletik ihes eginez joan zen denboraldi labur baterako Buenos Airesera.

Ivanna Rossiri buruz

Bere karrera ia jolas gisa hasi zuen Festilindo izenekoan, Hego Ameriketan oso ezaguna zen umeentzako jaialdian, eta 10 urte eman zituen bertan. Telebistan Show de Video Match (Marcelo Tinelli) izenekoaren parte izan zen, eta Chiquititas (Cris Morena), Costumbres Argentinas, No hay 2 sin 3, Peter Punk (Disney) programatan eta Desayuno magazinean hartu zuen parte. Baina azpimarragarriena antzerkian egin duen lana da, komedia musikaletako interprete gisa, Los Miserables, La tienda de los horrores, Peter Pan, El hombre de la Mancha, Sweet Charity, Desconcierto de musicales, El mago de Oz, Mueva la Patria, El Pasajero, El Espejo, Caravan, Domino, Pimpinela - La Famila, Ella (omenaldia Raffaella Carrari) Mina, che cosa sei? (Italian egindako biran) eta Boccato de cardinale (omenaldia Rita Pavoneri) lanetan parte hartuz. Azken lan horri esker emakumeen lan hoberenaren saria lortu zuen Music Hall kategorian. Monjitas, Bulebu eta El Capitán Beto komedia musikaletako antzezle taldeetako kide ere izan zen. Forever young ikuskizunean egin zuen lanari esker ACE saria (Asociación Cronistas de Espectaculos) lortu zuen 2012an, komedia musikaleko emakume antzezle hoberenari. La Celia ikuskizunean egin zuen lanari esker Musikaleko Antzezle Hoberenaren Florencio Sanchez saria lortu du.

Sarrerak

Emanaldirako sarrerak 18,50 eta 25 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.