Soinuaren eta ahotsaren arteko bidaia poetikoa

uriola.eus 2016ko ots. 8a, 10:30

'Babeserako kopia' ikuskizuna Mullerenean

Goizalde Landabaso kazetari eta idazleak idatzitako izen bereko poema liburuan oinarrituta dagoen Babeserako kopia ikuskizuna eskainiko du gaur, hilak 8, Bidebarrietako liburutegian, hainbat lagunekin batera.  

Babeserako kopia (2015, Elkar) laneko bertsoetan oinarritzen den ikuskizuna den arren, poema batzuen irakurketa baino gehiago da, poemak hankaz gora jarri, suntsitu eta berrasmatu egingo baituzte Landabasok eta lagunek. Oraingo honetan, idazle bilbotarrarekin batera Ane Zabala kazetaria eta Galder Perez antzezlea egongo dira, eta soinuaren eta ahotsaren arteko bidaia poetikoa proposatuko dute.

Iazko udazkenean argitaratu zen Babeserako kopia liburuak egilearen memoriarako segurtasunezko kopia izan nahi du, bere oroitzapenen, iraganaren, maitasunaren, beldurrarren eta mota guztietako sentimenduen segurtasunezko kopia, hain zuzen ere.

Goizalde Landabaso, Ane Zabala eta Galder Perezen ahotsekin batera Fermin Etxegoien, Miren Rubio, Naroa Gaintza, Alexander Perez, Axi Orgaz eta, Arale, Almike eta Joanes ere arituko dira ikuskizunean. 

 

[2015-10-20] Goizalde Landabasok bere oroitzapenen babeserako kopia egin dau poemen bidez

[2015-09-02] Goizalde Landabasoren segurtasun-kopia poetikoa