'La vispera de casi todo' 2016ko Nadal Sariaren aurkezpena jasoko du gaur Bidebarrietak

uriola.eus 2016ko ots. 18a, 09:08

Bidebarrieta Kulturguneak, azken Nadal Eleberri Saria lortu duen Victor del Arbol Bartzelonako idazlearen La vispera de casi todo lanaren aurkezpen ekitaldia jasoko du gaur, hilak 18. Ekitaldia Bidebarrietako ekitaldi aretoan izango da, 19:30etan –sarrera librea izango da leku guztiak bete arte– eta Cesar Coca kazetariak aurkeztuko du.

Aurreko eleberrietan ere etekin handia atera dionez dagoeneko bere marka propioa dirudien horretan, Victor De Arbolek inolako aurreiritzirik gabe erabiltzen ditu hainbat generotako teknikak eta prozedurak, suspenseko thriller baten erritmoa edo genero beltzaren mekanismoak erakusteaz gain, eleberri psikologikoaren sakontasuna edo epika handiaren hedapena dituen eleberri hibridoa sortzeko.

La vispera de casi todo lanean, berezitasuna narratzaileak pertsonaia bakoitzaren eta haien istorioen aurrean duen eskuzabaltasuna da, balantzaka ari den orekan, eleberri korala egiteko. Eta, horrela, zaila da protagonista bakarra eta istorio nagusia identifikatzea. Eleberriak espazio eta denbora kontrapuntu mehean aurrera eta atzera doazen hiru ildo ditu gutxienez, 2010eko udako Galiziako Costa da Mortetik edo hiru urte lehenagoko Malagatik, diktaduraren berunezko urteetako Argentinara edo 60ko hamarkadako Alemaniara.

Victor del Arbol (Bartzelona, 1968) Mosso d’Esquadra izan zen 1992tik 2012ra, Historia ikasketak egin zituen Bartzelonako Unibertsitatean eta esatari gisa aritu zen Catalunya Sense Barreres (Radio Estel, Once) irratian. Idatzi dituen eleberrien artean El peso de los muertos (Editorial Castalia, Tios Eleberri Saria 2006), El abismo de los sueños (argitaratu gabea, Fernando Lara XIII. Sariaren finalista 2008an) eta La tristeza del samurai (Editorial Alreves, Prix du Polar Europeen 2012) hamar hizkuntzatara itzulia eta best sellerra Frantzian, aipa daitezke.

Bere azken lanak Respirar por la herida (Editorial Alreves, finalista Beauneko Zine Beltzeko Nazioarteko Jaialdian 2014an atzerriko eleberri hoberenaren kategorian) eta Un millon de gotas (Ediciones Destino, Grand Prix de Litterature Policiere izenekoaren irabazlea 2015ean eta Magazine Lirek atzerriko polizia eleberri hoberen gisa saritua) dira. Duela urtebete, hain zuzen ere, egilea Bidebarrietako Liburutegi honetan bertan egon zen Carlos Zanon idazlearekin, eleberri beltzean ematen diren emozioei buruz hitz eginez, duela hamar urte baino gehiagotik hilean behin egiten den Eztabaidak Literaturarekin programaren barruan.