20 urte igaro dira 1996an El Florido pensil lanaren "mutilen bertsioa" estreinatu zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz, eta euskal antzerkiaren arrakasta nagusietakoa bilakatu zen. Izan ere, gaur egun ere hainbat alditan eta zenbait hizkuntzatan eskaintzen da.
Orain, Arriaga Antzokiak El Florido pensil – Neskak (El Florido pensil – Niñas gaztelaniaz) lanaren erabateko estreinaldia jasoko du, Kike Diaz de Radaren moldaketa duen Andres Sopeñaren testua. Tanttaka konpainiak berriro irekiko du, 20 urte geroago, eskola nazional-katoliko hura, baina oraingo honetan, ateburuan, "Niñas" esaten zuen kartela grabatuta zeukan atetik sartzeko. Bertatik sartzen ziren neskak ikastetxera, ama jasankorraren eta emazte eztiaren ezinbesteko etorkizunerako prestatzeko.
Gaur, osteguna, otsailak 18, estreinatuko da lana euskaraz. El florido pensil – Neskak lanaren bi emanaldi eskainiko dira, bat goizeko 11:00etan eta bestea arratsaldeko 20:00etan. Hurrengo egunean, ostiralean, otsailaren 19an, gaztelaniazko bertsioa, El florido pensil – Niñas, estreinatuko da, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Larunbatean, 20an, berriro ikusi ahal izango da ordu berean (20:00) eta igandean, 21ean, ordubete lehenago, 19:00etan.
Fernando Bernuesen eta Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, eta ironiaz betetako egungo begiradatik, Loli Astorekak, Gurutze Beitiak, Teresa Calok, Elena Iruretak eta Itziar Lazkanok, irakasle sutsu eta koipelustre haien esku utzitako hezkuntza sistema haren biktima izan ziren neskak interpretatuko dituzte. Neskak era bikoitzean jasan zuten hezkuntza-eza hori, ikasle gisa alde batetik, eta emakume gisa bestetik, eskolak ahalegina egin zuelako eurekin etxeko andre produkzioa industrializatzeko, 'Labores' edo 'Hogar' bezalako ikasgaien bitartez. El florido pensil – Neskak izeneko lanak, hezkuntza sistema haren eta eskola frankista hartan geratzen zenaren ikuspegi dibertigarria, askatzailea eta garaikidea eskaintzen du, era bikainean definituta Edi Naudóren eszenografian. Aipamen berezia merezi dute, baita ere, ikusi eta berehala aspaldiko garai haiek gogora ekartzen dizkiguten Ana Turrillasen jantziek.
Sinopsia
El florido pensil - Neskak lanak gerraondoko Espainiako hezkuntza sistemaren krudeltasun zentzugabea jasaten duten bost neskatoren egunerokoa kontatzen du. Eskola gizartearen eta horren ideologia menderatzailearen isla zen. Ideologia horrek Erdi Aroko patriarkaturik sakonena berreskuratu eta azken ondorioetaraino ezartzea erabaki zuen. Emakumeak izan ziren ekintza moralizatzaile horren helburu; izan ere, ezkontzea eta etxeko lanak egitea zen beren berezko bidea. Eta beren ibilbide profesionala, familia osatzea eta seme-alabak edukitzea. Horretan bat zetozen ia guztiak, emakumeak zein gizonak: maistra, apaiza, gurasoak, moralistak, kupletistak, eleberri arrosen idazleak, baita gimnasia-irakasleak ere. Eszena guztietan ikusiko da, batzuetan argi, besteetan itzulinguru korapilatsuen bidez, bi emakume mota baino ez zeudela: zintzoak eta besteak.
Ikuskizunerako sarrerak 7 eta 18 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.