Aire Ahizpak abesti berriekin helduko dira Arriagako oholtzara

uriola.eus 2016ko ots. 26a, 09:40

Datorren asteartean, martxoaren 1ean, 20:00etan, Arriagako Gelatxoek, Miren, Amaia eta Paxkalin ahizpek osatutako Aire Ahizpak taldearen bisita jasoko dute. Hiru abeslari bikainak euskal kultura tradizionaletik elikatu dira eta, beste ezer baino lehen, ume-umetatik bertsolaritzaz gozatzeko aukera izan dute, euren aita Mixel Airerekin eta euren aitite Xalbador handiarekin. 

Aire Ahizpak, sehaskatik, etxean bertan, tradizioak barneratzen diren ohiko forman musikarenganako maitasuna jaso duten hiru neska gaztek osatutako Urepeleko hirukotea da. Gure kultura transmititzeko ahaleginetan ari diren euskal sortzaileei omenaldia eskaini nahi dien Bidexka diskoa argitaratu berri dute. Omendutakoen artean euren familiako artistak ere sartzen dituzte, jakina.

Xalbador bertsolariaren bilobak izanik, Aire ahizpak abesti artean hazi dira, eta esperientzia zabala dute dagoeneko "plazan", Iparraldean, batez ere. Gehienetan A Capella abesten dute, baina ez da arraroa musikaz lagunduta entzutea, beti ere musika euren ahotsen esanetara egonik, jakina. Orain haien emanaldiaz disfrutatzeko aukera dugu Literatura eta musika euskaraz zikloaren barruan, Arriagako Gelatxoetan.

Emanaldirako sarrerak 8 eta 12 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.