'Mamma Mia!' musikala Arriagara itzuliko da Aste Nagusian

uriola.eus 2016ko mar. 1a, 10:29

"ABBA fenomenoa" abuztuan itzuliko da Bilbora, 70eko hamarkadan mundu osoan arrakasta itzela izan zuen eta gaur egun ere milioika pertsonen bizitzak pozten jarraitzen duen musika egin zuen talde suediar mitikoaren abestietan oinarritutako Mamma Mia! musikalari esker.

Ikuskizun honek 2009ko udan Arriaga Antzokira egin zuen aurreko bisita baino ez da gogoratu behar, alde batetik ABBA taldearen arrakasta ikaragarriaz eta, bestetik musikal dibertigarri horrek lortu zuen oihartzunaz jabetzeko. Izan ere, orduan programatu ziren 39 emanaldietan 38.205 ikus-entzule izan zituen. Horri esker, Mamma Mia!, Arriaga Antzokiaren azken urteetako ikuskizun jarraituena izan zen, The Hole edo Mecano taldeari buruzko Hoy no me puedo levantar musikala bezalako arrakasta handien gainetik. Eta ez da gutxi esatea.

Udan bueltatuko da beraz, Mamma Mia! ikuskizuna Arriagara, abuztuaren 15etik irailaren 10era hain zuzen, eta guztira 31 emanaldi eskainiko dira. Stage Entertainmenten ekoizpena izango da, beraz, Aste Nagusian karteldegia beteko duena eta Bilboko ikus-entzuleen artean dantza, kantua eta barrea eragingo dituena.

Orain zazpi urte bezala, Nina antzezle eta abeslari katalana izango da komedia musikal horretako protagonista nagusia, goitik behera berriztatu den eta 30 interpretek osatzen duten talde bikainaren buru. Ninak kritika bikainak jaso ditu beti Mamma Mia! ikuskizunean egindako lana dela eta, eta bere arrakastaz jabetzeko nahikoa da esatea mundu osoan ikuskizun horretan protagonista gisa emanaldi gehien izan dituen antzezlea dela.

Benny Anderssonen eta Björn Ulvaeusen musika eta letra dituen Mamma Mia! lana Catherine Johnsonek idatzi eta Phyllida Lloydek zuzentzen du. Ikuskizunaren koreografia Anthony Van Laastena da eta eszenografia Mark Thompsonena. Argien diseinuaz Howard Harrison arduratu da, eta soinuaren diseinuaz Andrew Bruce eta Bobby Aitken. Martin Kochek egin ditu musikaren gainbegiratzea, material gehigarria eta moldaketak.

Berehalako arrakasta

1999ko martxoaren 26an, Londoneko Prince Edward Antzokiko oihala jaitsi zenean, 1.600 ikus-entzuleek abestuz, dantza eginez eta gehiago eskatuz jarraitu zuten. "Ahoz-ahozkoak" berehala funtzionatu zuen, eta txarteldegiak salmentak bikoiztu zituen 24 ordutan. Eta hortik aurrera, arrakasta mundu osora zabaldu zen. Espainian etengabeko 7 denboraldi daramatza, eta, horrela, Espainiako karteldegian denbora gehien daraman musikala bilakatu da. Denbora tarte horretan 2 milioi pertsona baino gehiagok sentitu dute Dancing queen, Waterloo edo musikalari izenburua ematen dion Mamma Mía melodien zirrara, beste batzuen artean. Nor geratuko da geldik eta isilik horren aurrean?

Une honetan, mundu osoan 9 ekoizpen lan ari dira eskaintzen, eta 54 milioi ikus-entzule baino gehiago liluratuta geratu dira 440 hiritan eskaini den lanarekin. Karteldegian 16 urte etengabe egon ondoren, Londoneko West Enden arrakasta osoz jarraitzen du.

Broadwayen, 8. lekua betetzen du historia osoan kartelean denbora gehien egon diren ikuskizunen zerrendan. Musikala datorren irailaren 5ean amaituko da bertan, arrakastaz betetako 14 urteren ondoren eta txarteldegian 600 milioi euro baino gehiago bildu eta gero.

Sinopsia

Greziako uharte liluragarri batean, ezkondu baino egun batzuk lehenago, neska gazte batek aita bere ezkontzara gonbidatzea erabakiko du. Baina, nor da benetan bere aita? Amaren bizitzatik duela 20 urte igaro ziren hiru gizonetatik zeinek eraman beharko luke aldarera? Horrela hasten da Mamma Mia!, mundu osoko 54 milioi ikus-entzule pertsonaiez, musikaz eta maitasun, umore eta adiskidetasun istorio bikain horretaz maitemintzea lortu duen komedia musikal bikaina.

Sarrerak dagoeneko salgai

Gaur, astearte, martxoak 1, jarriko dira salgai Mamma Mia! ikuskizunerako sarrerak, ohiko salmenta kanaletan: www.teatroarriaga.com, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Prezioak 18 eta 65 euro artekoak dira, eta  zenbait beherapen eta prezio merkeagoak eskainiko dituzten ikus-entzulearen egunak egongo dira.

Emanaldien egutegia

Abuztua

- 15, Astelehena: 19:30

- 16, Asteartea: 19:30

- 17, Asteazkena: 19:30

- 18, Osteguna: 20:00

- 19, Ostirala: 17:30 / 21:30

- 21, Igandea: 19:00

- 22, Astelehena: 19:30

- 23, Asteartea: 19:30

- 24, Asteazkena: 19:30

- 25, Osteguna: 19:30

- 26, Ostirala: 19:30

- 27, Larunbata: 17:30 / 21:30 

- 28, Igandea: 19:00

- 30, Asteartea: 20:00

- 31, Asteazkena: 20:00

Iraila

- 1, Osteguna: 20:00

- 2, Ostirala: 17:30 / 21:30

- 3, Larunbata: 17:30 / 21:30

- 4, Igandea: 17:00 / 20:30

- 6, Asteartea: 20:00

- 7, Asteazkena: 20:00

- 8, Osteguna: 20:00

- 9, Ostirala: 17:30 / 21:30

- 10, Larunbata: 17:30 / 21:30