Fran Araujo eta Ernesto de Novak zuzendutako El rayo filma eskainiko dute Bidebarrietako Liburutegian, 19:30etatik aurrera. Hassanen odisea da. Marokoko etorkina da eta, Espainian hamahiru urte egin ondoren, ez du lanik aurkitzen eta etxera itzultzea erabaki du. Aurreztu duen guztia gastatu du bigarren eskuko traktore batean, Marokon bizimodua ateratzeko, eta haraino traktorea gidatzen joatea erabaki du. Espainiara etorri zenean ez zeukan ezer, orain daukan gauza bakarrarekin itzuliko da: Rayo.
Filma zuzendarietako batek, Ernesto de Novak, aurkeztuko du.
Agur esateko Anai-Arrebak eta DJ Eneko Yaniz
Ohikoa denez, programari jai batekin emango zaio amaiera. Oraingo honetan Anai-Arrebak eta DJ Eneko Yaniz arituko dira Hika Ateneoan, martxoaren 19an, gaueko 21:00etatik aurrera. Rocka, metala eta beste estilo batzuk etengabe lantzeaz nekatuta, Pasai Donibaneko zenbait musikarik Anai-Arrebak taldea sortu eta dantza egiteko musika egiten hasi dira, logia endogamikoa sortuz, gitarran oinarritutako sustrai indartsuak ezkutatu ezinik. Jousilouli, NaizRoxa, Trigger Travis eta beste talde batzuetan aritutako boskoteak disko-musika errebindikatzen du, garai hau zuri beltzean koloreztatzen du, ezintasuna arrakasta bilaka daitekeela sinesten du eta bere indar intrinsekoa dantzara bideratzen du.
Jarduera guztiek sarrera librea izango dute, leku guztiak bete arte.
Gizazinea programa martxoaren 19ra arte luzatuko da aurtengoan, Ibaiondoko barrutiko hainbat lekutan, San Frantziskoko Udaltegian, Bidebarrietako Liburutegian, Bilborocken edo BilbaoArten, besteak beste. 'Caostica' elkartearen lankidetza duen ekimenaren barruan, ikus-entzuleei, gizarte errealitate eta arazo desberdinetara hurbiltzeko aukera emango dieten film laburrak eta luzeak –dokumentalak eta fikziozkoak–, musika eta beste arte proposamen batzuk eskainiko dira.
Programak arte eta ikus-entzunezkoetako sormenarekin lotu nahi ditu balioetan oinarritutako hezkuntza eta giza eskubideak, gaurkotasuna duten gai batzuetara hurbiltzeko, gogoeta, solasa eta tolerantzia sustatzeko.