Arriagak Patxo Telleriaren '¿Por qué, Jamil?' lanaren erabateko estreinaldia jasoko du

uriola.eus 2016ko mar. 2a, 13:21

Patxo Telleriaren eta Jokin Oregiren zuzendaritzapean eta Mikel Martinez eta Eneko Sagardoy protagonista izanik, ¿Por qué, Jamil? lanaren 'premierea' helduko da. Arriaga Antzokian izango da ostiralean, martxoaren 4an eta larunbatean, 5ean, 20:00etan. Bestalde, ostegunean, euskarazko bertsioaren bi pase eskainiko dira.

Antzezlan berri hori, biran dagoen eta Arriaga Antzokian ere eskainiko den Zergatik, Jamil? euskarazko jatorrizko lanaren gaztelaniazko bertsioa da. Euskarazko bertsioak antzezle eta zuzendari berberak ditu, eta gaztelaniaz estreinatu aurreko egunean eskainiko da. Horrela, antzezlana euskaraz ikusi nahi duenak bihar, ostegunean, martxoaren 3an, izango du aukera, bi emanalditan, bat goizeko 11:00etan eta bestea arratsaldeko 20:00etan.

Zergatik, Jamil? edo ¿Por qué, Jamil? lanetan bi gizaki ditugu, bakoitza bere kontuekin eta arazoekin. Modu duinean bizi nahi duen minusbaliatua, Mikel Martinezek antzeztua eta Eneko Sagardoyk antzeztuko duen gazte magrebtarra. Ezer ez da dirudiena, aurreiritziak eta errealitateak nahastu egiten dira, eta krudeltasuna eta zintzotasuna, argitu gabeko krimen baten testuinguru nahaslean agertuko dira. Eta alde horretan, garrantzi handia izango du Pascal Gaigne konposatzaileak prestatu duen musika giroak.

Sinopsia

Kolpe bat jaso eta memoria galdu berri duzu. Dakizun bakarra, poliziak esan dizulako, zera da: bere ohean zetzan elbarritu babesgabe bat tiroz akatu duzula; duela gutxirarte maitekiro zaintzen zenuen gizona, hain zuzen. Zeure burua duina eta zintzotzat duzu eta hala ere krimenik gorrotagarriena burutu duzu. Eta zeure buruari galdetzen diozu: Zergatik, Jamil?

Emanaldietarako sarrerak 7 eta 18 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.