Ohikoa denez, topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango du leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. Topaketa Arantxa Urretabizkaia idazleak moderatuko du.
Emakumearen Nazioarteko Egunean, hilero literaturarekin dugun hitzordura gonbidatu ditugun emakume idazleek begirada emango diote, idaztea eta, batez ere argitaratzea, emakumeentzat zein zaila izan den argi eta garbi erakusten duen historiari. Abiapuntu horretan oinarrituz, literatur sistemaren barruan emakumeak une honetan duen egoera azaltzen ahaleginduko dira, eta baita beste gai batzuk ere, emakume izateak idazten den horretan duen eragina, testu anonimo batean emakumearen eskua ikus daitekeen ala ez, ezarritako kanonak eta irakurleen gustuak eta euren sexu bereko idazleek idatzitakoa nahiago duten ala ez.
Laura Freixas (Bartzelona, 1958) editore, literatur kritikari eta itzultzailea Zuzenbidean lizentziatu zen 1980an, baina idaztea izan da beti bere lanbidea. 1988an egin zen ezaguna “El asesino en la muñeca” kontakizun bildumarekin. 1997an Ultimo domingo en Londres lehenengo eleberria argitaratu zuen, eta haren ondoren Entre amigas eta Amor o lo que sea etorri ziren. Beste kontakizun liburu bat eta autobiografia bat, Adolescencia en Barcelona hacia 1970 (2007), ere argitaratu ditu. Argitaratu duen azken liburua Una vida subterranea. Diario 1991-1994 (2013) da.
Narraziogintzan egin duen lanarekin batera, Laura Freixasek lan handia egin du emakumeek idatzitako literaturaren aztertzaile eta sustatzaile gisa. 1996an Madres e hijas, emakume idazle espainiar garaikideen kontakizunen antologia koordinatu eta hitzaurrea idatzi zuen, eta 2000. urtean Literatura y mujeres saiakera lan garrantzitsua argitaratu zuen. 2009an antzeko ezaugarriak dituen Cuentos de amigas antologia kaleratu zen, eta baita La novela femenil y sus lectrices (Leonor de Guzman Saria) lana ere.
Anna Caballe, bere aldetik, Espainiar Literatura irakasle titularra da Bartzelonako Unibertsitatean, eta Azterlan Biografikoen Unitateko, DGICYT-ek (Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa) finantzatzen duen ikerketa zentroko, arduraduna. Izan ere, bere ibilbide akademikoa idazketa autobiografikoa berreskuratzera eta aztertzera zuzendu du. Dokumentu biografikoaren izaerari eta haren sorkuntzari buruzko saiakerak eta Francisco Umbral edo Carmen Laforet bezalako egile handien biografiak argitaratu ditu. 2009an Gazel saria irabazi zuen Una mujer en fuga liburuarekin.
Horrez gain, bere lan akademikoetako askotan emakumearen lekua aztertzen du, El bolso de Ana Karenina (2008) liburuan, besteak beste. Bertan, Marie Clarie aldizkarian argitaratutako bere testuak berreskuratzen ditu, historiak, harrigarria bada ere, ahaztu dituen emakumeen biografia laburrak aurkezteko, kronika gisa. Nor garen jakiteko ezinbestekoak izan diren emakumeak, sarritan topikoak eta arauak apurtu zituzten emakumeak, hain zuzen ere.
Hamargarren edizioa
2007ko urtarrilean 'Eztabaidak literaturarekin' egitaraua martxan jarri zenetik, 270 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 8.500 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marias eta Toti Martinez de Lezea, Maria Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vazquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regas edo Juan Jose Millas eta Pedro Ugarte, besteak beste.
Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.