Jorge Javier Vazquezek bere bizitzako uneak eszenaratuko ditu 'Iba en serio' ikuskizunean

uriola.eus 2016ko mar. 18a, 09:15

Jorge Javier Vazquez kazetari eta telebistako aurkezlearen antzerki debuta gertatzen ari da Iba en serio antzezlanari helduta, eta horren bira Arriaga Antzokira dator Aste Santuan, noiz eta martxoaren 24an, 25ean, 26an eta 27an, ostegunetik igandera bitartean. Emanaldi guztiak 20:00etan izango dira azkena izan ezik, igandekoa, 19:00etan hasiko dena. 

Jorge Javier Vazquezekin batera Kiti Manver antzezlea nabarmentzen da eskenatoki gainean, Espainiako zinema onenaren ezinbesteko aurpegia eta antzerkiko izen handia. Biak dira Iba en serio lanaren protagonista nagusiak, Jorge Javier Vazquez beraren La vida iba en serio eleberrian oinarrituta dagoen ikuskizunean.

Iba en serio, oroz gain, bizitzari egiten zaion gorazarrea da, musika-ikuskizun ausarta, Juan Carlos Rubiok idatzia eta zuzendua, Julio Awaden musika zuzendaritzapean. Antzezlan honetan Jorge Javier Vazquezek kontatuko dizkigu -edo, hobeto esanda- kantatuko dizkigu, bere bizitza pertsonal zein profesionalaren norabidea, bai eta bere izaera bera markatu duten pasadizo, gertakari, lagun eta etsaiak.

Aktore talde bikain batek lagunduta, bere bizitzako soinu-banda ezagutaraziko digu: musika-koktel ñabar eta txinpartatsu bat, zeinaren helburu nagusia baita publikoa dibertitzea eta publikoari sinetsaraztea ezen, zernahi gertaturik ere, aurrera jo beharra dagoela. Horregatik, beraz, kanta ezazu, egizu dantza, negar, eta bizi une bakoitza bete-betean.

Ikuskizunerako sarrerak 13 eta 45 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.