Dena den, aurrealdean eta atzealdean eskultura elementu batzuetan degradazio eta erosio zeinuak antzeman dira leku zehatzetan. Hori guztia urteen eta kutsaduraren ondorioa da, baita eguraldiaren gorabeherena ere. Hori dela eta, Arriaga Antzokiak egoera txarrean dauden elementu hauetan esku hartzea erabaki du.
Errestaurazio lanak detaile handikoak dira; beraz, emaitza ez da erraz hautemango kaletik. Hala ere, egitea beharrezkoa da ondare-balio handiko eskultura-elementuen egoera ona mantentzeko. Lanak ondorengo lau hilabetetan egingo dira, apiriletik ekainera arte. Bilboko Udaleko Arkitektura Zerbitzuaren teknikoek lanak zuzenduko dituzte eta, Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Kulturalaren Sailaren bermea izango dute. Izan ere, Arriaga Antzokiaren eraikina ondasun kulturaltzat jotzen da eta monumentu kategoria du.
Aurrealde edo fatxada nagusia denaren konponketan, Arriaga plazara begira dagoena, jatorrizko zazpi eskultura berreskuratuko dira. Horiek Arriaga Antzokia eraiki zenetik, 1890etik, egon dira bertan. Halaber, bi balkoi korrituen balaustradetan eta kariatidetan konponketak egingo dira. Atzealdeko fatxadan ere zaharberritze-lanak egingo dira balkoietan eta goiko parteko musika-multzoan. Bertan hondatze-maila handiena antzeman izan da. Musika-multzoa osatzen duten elementu guztiak zehetasunez tratatuak izango dira banan banan.
Petra kooperatiba izango da lan hauez arduratuko den enpresa. Zaharberritze-sektorean esperientzia handia eta espezializazioa du eta antzeko proiektuak garatu ditu; besteak beste, Vitoria-Gasteizko Santa Maria Katedralaren ataria, Gasteizko Batailaren monumentua edo Eskoriatza-Eskibel Jauregiaren fatxada, horiek guztiak hiri berean. Gainera, Bilboko San Frantzisko Komentuaren aztarna arkeologikoetan esku hartu dute eta Santiago de Compostelako Gloria Katedralaren Atariko polikromiei buruzko azterketak egin ditu, besteak beste. Lanak egiteko esleitutako aurrekontua 130.900 eurokoa da.
Aldian behingo mantentze-lanak
Arriaga Antzokia bezalako balio monumentalagatik hain garrantzitsua den eraikina horrelako ekintzak behar ditu noizean behin. Zehazki, Arriaga Antzokiaren fatxaden azken errestaurazioa 1999an izan zen. Nahiz eta tekniko adituek egoera estrukturala ezin hobea dela ondorioztatu, beharrezkoa da lehen aipatutako eskultura-elementuak zaharberritzea eta hondatze-prozesua gelditzea. Balioa duten eskulturen gaineko lana da, brotxa finekoa, xehetasunekoa eta oso zehatza, hain zuzen ere. Eskultura-elementu horiek noizean behin orain egingo den bezalako esku hartzea eskatzen dute, bere kontserbazio egoera ona bermatu ahal izateko.