'Udako gau bateko ametsa' berpizteko prest

uriola.eus 2016ko api. 6a, 08:45

Argazkiak: Arriaga Antzokia

Arriaga Antzokiko lantalde zabala buru-belarri lanean aritu da denboraldi honetako ekoizpen propio garrantzitsuena gaur estreinatzeko, zein eta "mundu osoko antzerki literaturak eman duen klasikorik handienetako bat": Uda gau bateko ametsa. Antzezlana "ikusgarria eta oso berezia" izango dela iragarri dute.

Pablo Viarrek zuzendu du antzezlana. Hainbat obren arduraduna izan da eszena zuzendari gisa, besteak beste Arriagak 2011n egin zuen El Caserio ekoizpen lan propioarena. Ikus-entzuleek arrakasta handiz jaso zuten, eta bera izan zen moldatzailea, zuzendaria izateaz gain. Carlos Roo ari da zuzendaritza-laguntzaile gisa.

Antzezle taldea euskal aktoreek osatzen dute, besteak beste oso ezagunak eta aintzatetsiak diren Itziar Lazkano, Gurutze Beitia, Karmele Larrinaga, Joseba Apaolaza, Mikel Losada, Antonio Ruperez eta Lander Otaola. Haiekin batera, Gabriel Ocina, Eneritz Artetxe, Chema Trujillo, Aritza Rodriguez, Itxaso Quintana, Lucia Astigarraga, Iñaki Maruri, Jon Koldo Vazquez, Jon Ariño, Mitxel Santamarina, Sara Barroeta, Olatz Ganboa, Maria Urzelai eta Aiora Sedano, guztiak ere mota anitzetako lanak egiteko gai diren artistak.

Zortzi emanaldi eskainiko dira gaurtik aurrera, bi astez jarraian, asteazkenetik larunbatera bitarteko bi txandatan, lehenengo saioak apirilaren 6, 7, 8 eta 9an, eta bigarrenak 13, 14, 15 eta 16an. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira, apirilaren 13koa eta 14koa izan ezik, egun horietako emanaldiak goizez izango baitira, 11:00etan.

William Shakespeareren lan klasikoari are eta erakargarritasun handiagoa ematen dion alderdi berritzailea jasotzen du ekoizpen lan handi honek, izan ere emanaldietara doazenek Shakespeareren poesiaz gastelaniaz eta euskaraz gozatzeko aukera izango dute. Gainera, pasarte batzuetan antzezleek ingelera ere erabiliko dute, obraren jatorrizko hizkuntza alegia. Edozein kasutan ere, ikus-entzuleek inolako arazorik gabe jarraitu ahal izango dute antzezlana, testu osoa euskaraz eta gaztelaniaz gain-titulatuta egongo baita. 

 

Shakespeareren omenez

Uda gau bateko ametsa/El sueño de una noche de verano lanaren moldaketa berri horrekin, Arriaga Antzokiak bat egingo du mundu mailan, 1616ko maiatzaren 3an hil zen (beste iturri batzuek apirilaren 23an hil zela esaten dute, egutegi juliotarraren arabera) dramagile, poeta eta antzezle ingelesaren heriotzaren 400. urteurreneko ospakizunarekin. Jatorrizko izenburua A Midsummer Night's Dream duen komedia handi hori 1595ean idatzi zuen Shakespearek, ziurrenez 1596ko otsailean egin beharreko Sir Thomas Berkeleyren eta Elizabeth Careyren arteko ezteiak ospatzeko.

 

Antzezlanaren sinopsia

San Joan gaua gau liluragarria omen da. San Joan gau batean kokatzen du Shakespearerek komedia hau. Irudimenezko Atenasen dago girotua, eta bertan, Teseo dukeak Hipolitarekin ezkontzeko falta diren orduak kontatzen dituen bitartean, mespretxatzen dituztenak maite dituzten eta maite dituztenak mespretxatzen dituzten gazte batzuen maitasun gorabeheren berri jasoko dugu. Eta gauzak gehiago nahasteko, Oberonek, maitagarrien erregeak, eta Titaniak, erreginak, euren arteko borroketan, denak babestera doazen eta komiko konpainia bat bere antzezpena prestatzen ari den basoa sorginkeriaz beteko dute. Dena prest dago gauak ohe kide bitxiak egin ditzan eta guztiak ere, egunez maite zutela ziotena ez den gorputza besarkatzeko grinaz egon daitezen.

 

Sarrerak 

Ikuskizunerako sarrerak 7 eta 18 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.