Udalak herritarrei informazioa emateko ahalegina biderkatuko du, Zazpikaleetan abian ipini berri den araudi-aldaketa finkatzeko asmoz. Izan ere, arau berriak merkataritza- eta ostalaritza-jarduera berriak ezartzean oreka bilatzeaz gain, jarduera berrien eta Zazpikaleetako balioen (kultura-, merkataritza-, bizitoki- eta turismo-balioen) arteko elkarbizitza hobetu nahi du.
Iragan martxoan, Bilboko Gobernu Batzordeak, Zazpikaleetako ostalaritza-establezimendu berrien eta beste merkataritza-jarduera batzuen ezarpena arautuko duen Birgaitzeko Plan Bereziaren aldaketa onartu zuen.
Gaiaren garrantzia eta interesa dela eta, aldaketaren inguruko alegazioak aurkezteko epea apirilaren 22ra bitartean irekita egongo da eta Udalak, herritar guztientzako zabalik egongo den Ibaiondoko Barruti Kontseiluaren bilera deitzea erabaki du, arau berria aurkezteko. Auzotarrak, merkatariak eta ostalariak hitzorduarekin bat egitera deituta daude. Hitzaldia hilaren 13rako aurreikusita bazegoen ere, azkenean apirilaren 14an egingo da, arratsaldeko 19:00etan Ibaiondoko Udaltegian (Yohn Jauregia, Pilota kaleko 10. zenbakia).
Gaur egindako bileran, Zazpikaleak Birgaitzeko Plan Bereziaren aldaketari alegazioak aurkezteko epea luzatzea erabaki du Hiriko Udal Gobernu Batzordeak. Izan ere, joan den martxoaren 2an onartu zen behin-behinean ostalaritza-establezimendu berrien eta beste merkataritza-jarduera batzuen ezarpena arautuko dituen plan berria.
Araudia eguneratzea, merkataritza-jarduera bultzatzeko asmoz
Joan den irailean, Bilboko Udalak gogoeta-prozesuari heldu zion auzotar, merkatari, ostalari eta alderdi politikoekin elkarlanean, eta Zazpikaleetan ostalaritzako lizentzia berriak aitortzeko etenaldia agindu zuen, urtebetekoa gehienez.
Harrez geroztik, Hiri Plangintza Sailak eta SURBISAk Zazpikaleko eremu osoko -baina batez ere haren erdiguneko- jardueren ezarpenari buruzko azterketa xehea egin zuten, esku hartu beharreko hainbat eremu mugatuta, haien ezaugarrien eta jarduera-mota nagusiaren arabera.
Azterketa horrek agerian jarri zuen zer kaletan biltzen diren ostalaritza-jarduerak –Zazpikaleetako merkataritza-ereduan eragin negatiboa izan lezaketenak– eta zer kaletan nagusitzen den oraindik merkataritza-jarduera. Hala, lau igarobide komertziala zehaztu zituen: Askoa-Artekale, Posta-Dendarikale, Bidebarrieta-Arategizar eta Erribera kaleko arkupeak. Eremu horiek guztiek babes berezia izango dute, bai eta establezimendutik establezimendurako tarteetan exijentzia-maila handiagoa ere.
Zazpikaleak Birgaitzeko Plan Bereziaren aldaketa joan den martxoaren 2an erabaki zen behin-behinean, eta aurrerantzean gune bakoitzean onartuko den gehienezko dentsitatea zehazten du, 100 metroko kale-tarte bakoitzeko dagoen establezimendu kopuru osoaren ratioa eta merkataritza-jarduera mota bakoitzerako egokitzat jotzen den ehunekoa aintzat hartuta. Gauzak horrela, gutxieneko tarte bat arautu du ostalaritza-establezimenduak (alkoholik saltzen ez duten lokalak eta barrarik ez duten jatetxeak kanpo utzita), kreditu-erakundeak, aseguru-agentziak, jokorako eta aisialdirako jarduerak nahiz autozerbitzu erako elikagaien lokalak ezartzeko.
Era berean, eta irizpide berriak ezarriz, gaur egun intentsitate altua dutelako, establezimendu berriak hartzeko gaitasuna agortua duten kaleak ere identifikatu ditu, bertan ostalaritza-lokal berririk ez onartzeko. Lau eremu berezi ere identifikatu ditu (Plaza Barria, Unamuno plaza, Martzana kaia eta Naxa kalea), eta, beraien ezaugarri bereziak direla eta, ostalaritza-dentsitate handiago ezartzea baimenduko da bertan. Dena dela, lau eremu horietatik birritan (Plaza Barrian eta Unamuno plazan) establezimendu berriak hartzeko gaitasuna dagoeneko agortuta dago.
Zazpikaleetako BPBa aldatzeko, ingurumen-iraunkortasuna eta hiri-birgaitzea erabili dira irizpidetzat, eta Bilboko Udalaren Osoko Bilkurak urte honen erdialdean behin betiko onartzea aurreikusten da.