Felix eta Fanny Mendelssohenen musika Arriagako Gelatxoetara helduko da

uriola.eus 2016ko api. 25a, 10:09

Gaur, apirilak 25, Lied zikloa itzuliko da Arriagako Gelatxoetara (20:00), izan ere Naroa Intxausti sopranoaren eta Ruben Fernandez Aguirre piano jolearen emanaldia egongo baita, errezitatzaile gisa arituko den Lander Otaola antzezleak lagunduta. Felix eta Fanny Mendelssohn anai-arreben, XIX. mendeko bi artista handien, lanen aukeraketa interpretatuko dute. 

Felix Mendelssohn erromantizismo alemaneko konposatzaile garrantzitsuenetakoa izan zen. Bere lanen artean sinfoniak, kontzertuak, oratorioak, oberturak, pianorako musika eta kamerako musika daude. Fanny Mendehlsson, arreba, piano jole bikaina izan zen, bere amaren berbetan "Bachen fugak jotzeko atzamarrekin" jaiotako musikari harrigarria. Fannyk eta Felixek kultura orokor sendoa jaso zuten. Baina, Felix gazteari, bere musika bokazioan hezi eta horretarako bultzada eman zitzaion bitartean, Fannyri, "emakumea zenez", ez, bere eginbehar "naturala" emazte eta etxekoandre zintzoa izatea baitzen. Beraz, Fannyrentzat nebarentzat baino zailagoa izan zen musika ibilbidea lantzea, aditu askoren iritziz neba baino piano jole hobea zen arren.

Gei Granados

Mendelssohn anai-arreben melodiak ez dira izango Naroa Intxaustiren ahotsaren eta Ruben Fernandez Aguirreren teklen bitartez entzungo ditugun bakarrak. Emanaldiaren bigarren partean, artistek Enrique Granados Lleidako konposatzailea gogoratuko dute, hil zenetik 100 urte bete berri direnean. Gogoratu behar dugu Fernandez Aguirre, Arriagako Gelatxoetako Lied Ziklo honen bultzatzaileak, konposatzaile katalan bikainari eskaini ziola joan den martxoan, Carol Garcia mezzosopranoarekin batera, eman zuen aurreko errezitaldia. 

Emanaldiko sarrerak 8 eta 12 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.