'Powder her face', Covent Gardenek ekoiztutako obraren Estatu mailako estreinaldia gaur Arriagan

uriola.eus 2016ko mai. 6a, 09:16

Thomas Ades konposatzailearen bi ataleko obra estreinatuko du maiatzean Arriaga antzokiak, estatu mailan lehenengo aldiz. 2008. urtean estreinatu zen Londresen eta Arriaga antzokira helduko da gaur, maiatzak 6, 20:00etan eta igandean, maiatzaren 8an, 19:00etan. 

"Indartsua, zirraragarria eta lirikaren ikuspegitik benetako maisu lana" dela azaldu du Arriagak, datorren hilabetean hartuko duen 'Powder her face' obraren inguruan. Thomas Ades konposatzaile ingelesak, Philip Hensherren libretoarekin, bi atal eta zortzi eszenatan idatzi zuen obra, Argylleko dukesaren eskandaluzko bizitzan oinarritu zena. Londresen izan zuen lehenbiziko estreinaldia 2008an, polemika handiarekin, eszena eta musika esplizituen ondorioz. BIOS orkestraren laguntzaz, opera eszenifikatua den lanak musika eta kantuaz gain antzerkia bateratzen du. 

Carlos Wagneren eszena zuzendaritzapean, Diego Martin-Etxebarria arduratu da musika zuzendaritzaz. Aipatzekoa da lehengo urteko urrian Hideo Saito eta Asahi sariak irabazi zituela Tokioko Nazioarteko 17. Zuzendaritza Lehiaketan, eta mundu osoko 200 zuzendari hoberenen artean izan zen aukeratua. 

Interprete nagusiei dagokionez, nazioarteko lau ahotsek osatzen dute taldea. Argylleko dukesaren rola Olga Zhuravel ukraniarrak haragitzen du. Berarekin batera, Heather Buck sopranoa, Alexander Sprague tenore ingelesa eta Alan Ewing irlandarrak hartuko dute parte 'Powder her face' obran. Antzokiak adierazi duen bezala, ikus-entzuleak "hunkitzea" lortuko duten lau ahotsak. 

Opera osatzen duten beste lanak ahaztu gabe, eszenografia eta jantzien diseinuan Conor Murphy aipatzea dago, berak sortutako jantziak erabiltzen dira obra. Bestalde, Paul Keogan arduratu da argiztapenaz eta Tom Baert mugimendu koreografiatuez. Lan horretan Maitane Zalduegi euskaldunaren laguntza jaso du. 

Sarrerak 13 eta 45 euro artean daude salgai Arriaga Antzokiko web orrialdean.