'Muga' antologia poetikoaren aurkezpen ekitaldia egingo dute arratsaldean Bidebarrietan

uriola.eus 2016ko mai. 3a, 09:09

Gaur, maiatzak 3, asteartea, Bidebarrieta Kulturguneak Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi idazleen 'Muga' antologia poetikoaren aurkezpena jasoko du. Ekitaldia 19:30ean hasiko da, sarrera librea izango da leku guztiak bete arte. 

'Muga' antologia El Gallo de Oro argitaletxeak kaleratu duen euskal idazleen olerki bilduma elebiduna da. Edizio honetan jasotzen diren poetak 2008ko maiatzean Durango hasi ziren 'Poesia eta pentsamendua' jardunaldiaren sustatzaileak dira. 

Bertan, hainbat bide poetiko landu dituzte, elkarren arteko konplizitate nabarmenarekin, bakoitzak bere estilo propioarekin. Ibilbide honen ondorioz, Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxote eta Aritz Gorrotxategik 'Muga' antologia kaleratuko dute datorren astean. 

Olerkariak

Felipe Juaristi Azkoitian (Gipuzkoa) jaio zen 1957an. Kazetaritza ikasi zuen Madrilen, eta une honetan gidoilari eta kazetari gisa egiten du lan. Zazpi poesia liburu idatzi ditu, eta horien artean Galderen geografia, Aingeruaren angelua eta Piztutako etxea azpimarra daitezke.

Juan Ramon Makuso filosofia irakaslea da Errenteriako Koldo Mitxelena BHIan. Bere lanen artean poesia liburu hauek azpimarratuko ditugu: Bizitzeak hil egiten du, Hiri gorazarre, Huntza hezur berritan, eta Hitzak argi.

Pello Otxoteko Zientzia Biologikoetan eta Biokimikan lizentziatua da. Horrez gain filosofia ikasketak ere egin ditu UNEDen. Gehien argitaratu duen estiloa poesia izan da, Haraindiko begiradaren bila, Itzalaren ñabarduretan edo Anphora baita bezalako lanekin.

Aritz Gorrotxategi (Donostia, 1975) gidoilari, zutabegile, irakasle eta itzultzaile gisa aritu da. Bere lanen artean Zaldi hustuak eta Hariaz beste poesia liburuak aipa daitezke. Azken lan horrek Kritikaren Sari Nazionala eman zion 2012an.