Ostiraletan izan dira orain arteko saioak; maiatzak 20 eta hilaren 27an eta ekainaren 3an, 10ean eta 17an, 19:30etan Areatzako Kioskoan, ehun urte baino gehiago dituen taldeak 1895eko ekainaren 9an bere lehenengo kontzertua eman zuen leku berean.
Jose Rafael Pascual Vilaplana Bandaren zuzendari titularrak diseinatu duen udaberriko lehenengo denboraldia da. Maisu eta konposatzaile handiaren ohiturari jarraituz, programatutako kontzertu bakoitzak bere izenburua erakutsi du. Maiatzaren 20an hasi zen udaberriko zikloa, 'Dantza eta Balleta' izeneko musika saioarekin. Iñaki Urkizu zuzendariordearen aginduetara, Bilboko Musika Bandak dantzarako pentsatutako lan hoberenetako batzuk eskaini zizkien ikus-entzuleei. Horien artean Hellmesbergerren Danse diabolique, Francisco Alonsoren Danza gitana edo Alfred Reeden Third Suite for Band.
Bigarren saioa, maiatzaren 27an izan zen eta Pascual Vilaplana bandaren zuzendari titularra izan zen 'Oberturak Bandarako', konposatzaile garaikideek eta gaur egungoek idatzitako lanez osatutako kontzertua, zuzendu zuena.
'Ipuinak eta Kondairak' izan ziren lehengo ostiraleko protagonistak, ekainaren 3an. Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean, Bandako 45 interpretek Humperdinck, Appermont edo Schwarz bezalakoen lanez osatutako egitaraua aurkeztu zuten. Egile horietako lan garrantzitsuak eskainiko zituen kontzertua izan zen, abenturen munduan murgilduz, Hansel eta Gretel, Gulliver´s travels ('Gulliverren bidaiak) edo Ivanhoe bezalako lanekin.
Gaur, ekainaren 10ean 'Martxa eta Polka' Areatzara helduko dira Bilboko Bandaren eskutik. Kontzertua Sparkerren Karrusela lanarekin hasiko da, eta Palau Boixen Martxa burleskoarekin amaitu. Tartean, beste batzuen artean, Tchaikovskyren Martxa eslaviarra eta Aidaren, Verdiren opera ezagunaren, martxa handia entzun ahal izango dira.
Areatzako Kioskoko udaberriko kontzertuak ekainaren 17an, ostiralean, amaituko dira. Pascual Vilaplanak zuzenduko du 'Pasodoblearen Historia' izeneko musika saioa. Bertan, gure musikariek ibilbide kronologikoa egingo dute martxa arin ezagun horretatik. Horrela, Canto Francesen Mahomet edo Bretonen La Dolores bezalako XIX. mendeko pasodobleak interpretatuko dituzte; XX. mendeko Laportayren Mi Barcelona edo Blanquerren Julio Pastor; edo 2003an idatzitako Garcia i Solerren Patricio Barcelo bezalako lanak.
Aurten, musika ezagupenez eta estreinaldiz betetako denboraldi bikainari amaiera emateko, Bandak eta Aiko Taldeak 'BANDtzaldia' ikuskizuna eskainiko dute Plaza Barrian, ekainaren 24an, ostiralean.