Buikak Arriaga bisitatuko du 'Vivir sin miedo' azken diskoa aurkezteko

uriola.eus 2016ko mai. 12a, 13:30

Musika panoramako artista eklektikoenetakoa Arriaga Antzokira helduko da igandean, maiatzak 15. Konposatzailea, ekoizlea, poeta… Buika World Music, Jazz, flamenko eta fusio estilo garaikideko izarra da. 

Beti ere jakin-minez beteta dagoen artista polifazetikoaz ari gara hitz egiten, eta oraingo honetan Bilbora etorriko da, 'Vivir Sin Miedo' bere azken diskoko kantak abesteko. Ingelesez, gaztelaniaz eta spanglishez kantatutako lanak jasotzen dituen lan handiak Jason Mraz eta Meshell Ndegeocello bezalako laguntzaileak ditu. Emanaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da.

Mallorcako abeslariak, bere ezaugarria den "ahots zakar eta ikaragarriak" ematen duen "zapore basati horri eusten dio azken lanean", baina denboraren eta bizi izandako esperientzien ondorioz, erregistro beroagoekin ere ausartzen da orain, eta une batzuetan gozotasun itzela transmititzen du. Horregatik, agian, artistaren beraren iritziz, orain arte egin duen lan pertsonalena da. 

Zuzeneko emanaldirako, bere musikari indarra eta kolorea ematen dion taldeaz inguratzen da Buika. Arriagako eszenatokian egongo dira Michel Ferre teklatuekin eta ahotsarekin; Josue Rodriguez baxu elektrikoarekin; Alexis Mariano bateriarekin; Ramon Porrina kajoiaz eta perkusioaz arduratuz; Ahmed King Barroso gitarra joz eta bere ahotsa jarriz, musika zuzendaritzaz arduratzeaz batera; eta Santiago Cañada tronboia joz eta bere ahotsa Buikaren ahotsari gehituz.

Beraz, Bilboko ikus-entzuleek kontzertu indartsuaz gozatu ahal izango dute, mundu osoan emanaldiak eskaintzen dituen eta mugarik gabe lan egiten duen abeslaria buru duen taldeari esker. Artistarekin aritu diren artista batzuk aipatzea nahikoa da musikaren lehen mailan dagoela egiaztatzeko: Pat Metheny, Anoushka Shankar, Chick Corea, Niño Josele, Marisa, Bebo eta Chucho Valdes, Charles Aznavour, Luz Casal, Seal, Armando Manzanero, Nelly Furtado… Ez da gutxi.

Buikari buruz

2001ean hasi zuen bere karrera, 'Mestizüo' (2001 Producciones Blau) lanarekin. Album horren ondoren Buika (2005, Dro), 'Mi niña Lola' (My baby girl Lola – 2006, DRO), 'Niña de Fuego' (Girl of Fire – 2008, Warner), 'El ultimo trago' (The last drink – 2009, Warner), 'En mi piel' (In my skin, 2011 Warner), eta bere abesti garrantzitsuenak eta baita ordura arte argitaratu gabe zuen materialaren parte bat jasotzen dituen antologia etorri ziren. Bere aurreko lana, 'La noche mas larga' (The longest night), 2013koa da.

Bere soinu banda eta zine lankidetza azpimarragarriena 2011n etorri zen, Pedro Almodovarrek La piel que habito, filmean sartu zuenean, Por el amor de amar eta Se me hizo facil intepretatuz.

Buikak hainbat sari jaso ditu mundu osoan. Garrantzi mediatikoa dela eta, agian azpimarragarriak izango dira 'Niña de Fuego' (2008) lanarekin Album eta Ekoizpen Lan hoberenaren izendapenak jaso izana Latin Grammy izenekoetarako, eta batez ere, Latin Grammya lortu izana 'El ultimo trago' lanarekin. Horrez gain, 'La Noche Mas Larga', lanak Grammy (Amerikarra) baterako izendapena lortu zuen Jazz Latino Album Hoberenaren kategorian.

Ikuskizunerako sarrerak 15 eta 40 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.