Antzerki eskaintza
Arriagan arte eszeniko guztiek dute lekua, baina abuztutik abendura arteko bost hilabeteetan antzerki programazioa nabarmendu behar da beste guztien gainetik, antzezlan handiak eszenaratuko direlako eta lehen mailako artistak etorriko direlako. Horietako batzuek erabateko estreinaldiak ere eskainiko dituzte. Hori da irailaren 15etik 18ra bitartean karteldegian egongo den Claudio Tolcachirrek zuzendutako La Mentira laneko antzezle taldearen buru diren Carlos Hipolitoren eta Natalia Millanen kasua. Lau egun geroago, irailaren 22tik 25era, Arriagak beste erabateko estreinaldi bat jasoko du, beste zuzendari argentinar batek, Daniel Veronesek, zuzendua. Invencible izango da, beste izar handi bat protagonista izango duen komedia urratzailea: Maribel Verdu.
Antzerki programazioko erabateko hirugarren estreinaldia urriaren 21ean eta 22an eskainiko da. Catalin antzezlana izango da, eta euskal antzerkiak une honetan aurrez-aurre duen erronka garrantzitsuenetakoa izateaz gain, Gorka Minguez zuzendariak eta bertako antzezlez osatutako antzezle taldeak Rita Barrenechearen, Solanako markesa eta Carpioko kondesaren (1757-1795) gainean egiten duten errebindikazioa da. Estatu mailako antzerkian eta, harrigarria bada ere, baita euskal literaturan, ahaztuta dagoen izena. Bilbon jaio eta urte asko igaro orduko Valladolidera joan zen. Ezkondu eta ondoren Madrilera joan zen, eta bertan hil zen 37 urte zituela. Madrilen literatur arloko zirkulu garrantzitsuenetako kide izan zen, Jovellanosen adiskide egin zen eta Goyak erretratua egin zion. Catalin ukitu neoklasikoa duen komedia da, XVIII. mendearen amaierako Portugaleten girotua. Inork gutxik garrantzirik eman dion arren, emakume batek idatzita Espainian argitaratu zen lehenengo antzezlana izatearen ohorea du.
Gainerako antzerki proposamenak aipatzea nahikoa da ikus-entzuleek Arriaga Antzokian biziko duten antzerki udazken bikainaz jabetzeko: El alcalde de Zalamea, irailaren 29tik urriaren 2ra, Helena Pimentak zuzendua eta Compañia Nacional de Teatro Clasico izenekoak ekoiztua, 20 antzezlek osatutako talde bikainarekin, Carmelo Gomez buru dela; La clausura del amor, urriaren 5ean eta 6an, Israel Elejaldek eta Barbara Lenniek antzezten duten bikote baten harremanaren amaieraren istorio gogor eta zirraragarria; eta urriaren 11n eta 12an Ernesto Caballeroren Reina Juana antzezlan indartsua, berriro ere Concha Velasco ikusteko aukera emango diguna, Gaztelako Juanaren interpretazio bikaina eginez. Eta hori gutxi balitz, urriaren 27tik 30era eszenako beste pertsonaia handi batek zapalduko du Arriaga Antzokiaren eszenatokia: Eduard Fernandezek. Antzezle handia izango da Panorama desde el puente lanaren protagonista, 50eko hamarkadako New Yorken etorkin familia batean ematen den maitasun, obsesio eta mendeku istorio zirraragarria. Arthur Miller egileak Pulitzer sari bat lortu zuen lan horrengatik.
Amaitzeko, azaroaren 17an, Unai Iturriagaren eta Igor Elortzaren Francoren bilobari gutuna lana jasoko du, bizirauteko beharraz gaixo dagoen erkidego baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa. Euskal Herriko hiru konpainiak batera konpartituko duten proiektua da: Artedrama (Bizkaia), Le Petit Théâtre de Pain (Lapurdi) eta Dejabu Panpin Laborategia (Gipuzkoa). Ximun Fuchs da antzezlanaren zuzendaria, eta Ander Lipus antzezle taldearen burua.
Nazioarte mailako dantza
Dantza programazioak ezinbesteko hiru hitzordu paregabe eta errepikaezin osatu ditu. Duela 35 urte Moses Pendletonek sortu zuen eta egoitza Washingtonen duen Momix konpainia estatubatuarra dantzaren erreferentea da mundu mailan. Azaroaren 1etik 6ra aho zabalik utziko ditu Arriagako ikusleak W Momix forever lanarekin, konpainiaren buru izan den urte hauetan guztietan Pendletonek sortu dituen koreografia garrantzitsuenez eta esanguratsuenez eta ospakizun horretarako beren beregi sortutako 4 pieza berriz osatutako bilduma ikusgarria.
Inolako zalantzarik gabe, azaroa ospakizun hilabetea izango da dantza zaleentzat. Izan ere, egun batzuk geroago, 11n eta 12an, Arriaga antzokiak Düsseldorfeko Ballett am Rhein hartuko du, Alemaniako dantza konpainia hoberena omen dena eta munduko hoberenetakoa. Zuzendariak, Martin Schläpfer koreografo bikainak, 16 nazionalitatetako 45 dantzarik osatutako taldea zuzentzen du. Dantzari guztiak bakarlariak dira. Bilbon aurkezteko aukeratu den egitarauaren izenburua 7 da, eta Gustav Mahlerren Zazpigarren sinfonian dago oinarrituta. 2015eko Edinburgoko Nazioarteko Jaialdian aurkeztu zenean kritika osoaren laudorio eta txalo sutsuak jaso zituen.
Hybrid dantza programazioaren hirugarren harribitxia da, hiruetatik eskainiko den lehenengoa izango den arren, urriaren 26an egongo baita eszenan. Oso proiektu berezia izango da, izan ere, bere izenak adierazten duen bezala, Mokoto Hirayama dantzari eta koreografo japoniarraren (bera da Hybrid proiektuaren zuzendaria) konpainiaren trebezia artistikoak, Ainu etniako Emi Toko abeslariaren ahots berezi eta xarmagarriarekin, eta Oreka TX euskal txalaparta eta perkusio joleen erritmoarekin fusionatzen baititu ikuskizun bakarrean. Mundu mailako estreinaldia Tokioko New National Theatre izenekoan izan duen ikuskizun horrek dantzaren sustraien eta txalapartaren bitartez sortutako erritmoen artean esploratzen du. Emaitza, Eurasiako mutur bakoitzean dauden bi herriren sustraietatik abiatuz eraikitzen den arte amalgama da.
Musikal arrakastatsuak
Dagoeneko iragarrita dagoen Mamma Mia musikalaz gain (abuztuaren 15etik irailaren 10era), karteldegiak beste bi ekoizpen lan arrakastatsu eskainiko ditu aurten. Urriaren hasieran, 8an eta 9an, hain zuzen ere, Asier Etxeandia Arriaga Antzokira itzuliko da, oraingo honetan zortzi musikarik lagunduta eszenan. 2013ko abenduan arrakasta itzela lortu zuen El Interprete inoiz baino handiagoa itzuliko da orain, El Interprete XXL bilakatuta, mundu guztia dantzatzera eta gozatzera eramango duen showean. Eta abenduan Cabaret, el musical de Broadway, antzerki musikalaren munduak bere historia osoan eman dituen hiru gizon garrantzitsuenetakoek egindako libretoa, musika eta letrak dituen muntaketa lan ikusgarria izango dugu gurekin: Joe Masteroff, John Kander eta Fred Ebb. Cabaret garai guztietako zine eta antzerki musikaleko lan garrantzitsuenetakoak, Kit Kat Cluba bilakatuko du Arriaga Antzokia abenduaren 1etik 30era.
Euskal musikaren erreferenteak
Ikuskizun musikala izan arren dantzara zuzenduta egongo den eta dagoeneko aipatu dugun Oreka TX-en emanaldiarekin batera, kontzertuen programazioa euskal artistek beteko dute, izan ere, 2016. urtea amaitu aurretik aurreikusitako 5 emanaldietatik 4 bertako bakarlarien edo taldeen esku etorriko baitira. Bakarlarien artean, azaroaren 13an, pianoan arituko den Ruben Fernandez Aguirrek lagunduta eszenara igoko den Ainhoa Arteta sopranoaren errezitaldia azpimarratu behar dugu, Federico Garcia Lorcaren figurari eskainitako La voz y el poeta izeneko kontzertu berezian.
Arriagako eszenatokia zapalduko duen beste izen propio handi bat Benito Lertxundi izango da, euskal folkaren goi mailako erreferentea eta euskal kulturaren totema. 'Orioko bardoak' azaroaren 20an eskainiko ditu bere letra eta melodia bikainak.
Edertasun bereziko eta garrantzi sakoneko beste ekimen bat Euskel Antiqvua izango da, urriaren 13an Euskal Herriaren musika legatua eskainiko duen ikuskizuna. Enrique Solinisen zuzendaritzapean arituko den Euskal Barrokensemble taldearen kontzertua izango da. Talde aldakor hori antzinako musikaren nazioarteko panoramako musikari gazteek osatzen dute, eta antzinako musika, klasikoa eta herrikoia, ikus-entzule guztiei hurbiltzea da bere helburua. Juan Perez de Lazarragaren XVI. mendeko eskuizkribuan idatzita agertzen den bezala, hitzaren era arkaikoa aipatzen duen Euskel Antiqua izenburuak, une oro, Donejakue Bidearen eraginez, ospea zuten Europako korronte garrantzitsuenetara zabalik zegoen Euskal Herria kosmopolitaren tradizioa errebindikatzen du.
Amaitzeko, Jose Luis Ormazabalek zuzendutako Bilboko Abesbatza Elkarteko umeen Abesbatzak, haurtzaroari eta umeen eskubideei bereziki eskainitako kontzertu berezia emango du azaroaren 19an. Lizeo frantseseko abesbatza ere arituko da, Ormazabalen beraren zuzendaritzapean.
Kontzertuen programazioa Manel talde katalanarekin itxiko da. Bandak mugak eta hizkuntzaren hesiak gainditzea lortu du, Espainia osoan arrakasta eta aintzatespena lortuz, katalanez abestu arren. Zaindutako melodiak dituen pop independentea egiten duen taldea urriaren 23an helduko da Arriagara, bere laugarren lana, Jo competeixo, aurkeztera. Lan horretan esperimentazio puntu bat eta soinu garaikideetara hurbilketa gehitzen dute.
Halaber, gogoratu behar da OLBE-ABAOk, Arriaga Antzokiarekin batera, bultzatutako Opera Txikia Arriagan izeneko zikloak jarraipena izango duela datorren denboraldian.
Arriagako gelatxoak
Arriagako Gelatxoek formatu txikiagoko beste ikuskizun mota intimistagoa ikus-entzuleei hurbiltzen jarraituko dute. Formatu horretan, ikus-entzuleek eta antzezleek antzezpenaren espazio fisikoa ia konpartitu egiten dutela esan behar da. Gainera, bertako proposamen artistikoak jasotzen dituenez, ekimen hori bultzada garrantzitsua da Euskadiko eszenarentzat eta artistentzat.
Urriaren 3an eta 4an, Lola Markaidak, berak, Pablo Ibarluzearekin batera, sortu duen On/Off, la travesíi en un instante lana eskainiko du agertokian. Lan horretan, bizitzaren aurrean hartzen dugun jarreraren garrantziari buruzko gogoeta egiten dute. Horrez gain, berriro ere Arriaga Antzokiaren ekoizpen lan propioak azpimarratuz, agertokiak, oraindik zehaztu gabe dauden egunetan, Donostia 2016 Fundazioak, Victoria Eugenia Antzokiarekin, Gasteizko Principal Antzokiarekin eta Arriaga Antzokiarekin batera, bultzatu duen Antzerkigintza berriak-Nuevas dramaturgias proiektuaren bitartez aukeratu diren hiru lanen emanaldiak eskainiko dira. Hiru antzokiak izango dira lan horiek ekoiztuko dituztenak.
Gainera, eta ohikoa denez, Arriagako Gelatxoak foyerrean ere egongo dira. Urriaren 19an, Harkaitz Canok eta Maite Arroitajauregik "Mursego", Porto izeneko errezitaldia eskainiko dute, kantu eta "spoken poetry" nahasketa, hain zuzen ere. Bertan, ardoaren aitzakiarekin, egungo bizitzari buruzko ikuspegi lirikoa eta umorez betetakoa emango dute. Azaroaren 16an Guillermo Garmendia artista bilbotarraren txanda izango da, Blas de Otero, la musica y la palabra ikuskizunarekin. Eta azkenengo bi gelatxoak abenduan izango dira. Lehenengoa 12an, Euskal kantu liriko berriak izenekoa, zenbait kantutegitatik (Azkue, Aita Donostia, etab.) jasotako abesti tradizionalekin batera abesti liriko berrien sorkuntza eta hedapena helburu duen proiektua. Eta bigarrena abenduaren 19an, Coro Rossini izenekoak eskainiko duen Gabonetako kontzertuarekin. Abesbatza horrek, Carlos Imaz konposatzailearen laguntzarekin, kamera errezitaldi formatura egokitutako Gabonetako abestien aukeraketa eskainiko du.
Proiektu pedagogikoak
Arriaga Antzokiak, prestakuntzan eragina duten izaera didaktikoko eta pedagogikoko ekimenen aldeko apustuarekin jarraitzen du. Kabia Teatro konpainiarekin egiten den lankidetzari esker, irailaren 12tik 17ra, arte eszenikoetako profesionalei eta ikasleei zuzenduta dagoen eta New Yorkeko SITI Company ezaguneko kide diren J. Ed Araizak eta Barney O’Hanlonek emango duten Suzuki y viewpoints ikastaroa antolatuko du. Tadashi Suzuki zuzendari txalotuak eta Suzuki Company of Toga bere konpainiak garatutako Suzuki metodoaren helburu nagusia antzezlearen entrenamendua da, gorputz osoa antzerkiaren testuinguruan murgilduz eta antzezleak adierazpenerako berez dituen trebeziak azaleratuz. 'Viewpoint' izenekoak (Ikuspuntu eszenikoak), dantza postmodernoaren mundutik sortu zen inprobisazio teknika dira. Mary Overlie koreografoak egituratu zuen lehen aldiz, dantzariek aurrean dituzten bi alor nagusiak –denbora eta espazioa– sei kategoriatan banatuz. Bere hurbilketari Sei Viewpointak izena jarri zion. Une horretatik aurrera, Anne Bogartek eta la SITI Company taldeak viewpoint horien nozioak hedatu eta antzezleentzat egokitu dituzte.
Hobekuntzak webgunean
Gaurtik bertatik, maiatzaren 23tik, aurrera, Arriaga Antzokiaren webguneak itxura berriztatua izango du, eta erabiltzaileek nabigazio intuitiboagoa eta erosoagoa izango dute. Webgunearen hobekuntzen artean, bere web diseinua erabiltzen ari den gailura egokitzen dela azpimarratu behar da (ingeleseko Responsive Web Design izenekoaren RWD siglen bitartez adierazten da), eta, horrela, ordenagailuetan, mugikorretan, tabletetan… hobeto ikusten da, eta gailu bakoitzerako egokiena da. Webguneak eskaintzen duen beste berrikuntza interesgarri bat antzokitik bisita gidatu birtuala egiteko aukera da. Google teknologiari esker, nahi duenak Arriaga Antzokiaren txoko guztiak barrutik eta xehetasun guztiekin ezagutu ahal izango ditu. www.teatroarriaga.com
Ekainaren 23an salgai
Abuztua eta abendua arteko programazioko ikuskizun guztietarako sarrerak (dagoeneko salgai dauden Mamma Mia ikuskizunerako sarrerak izan ezik), ekainaren 23tik aurrera egongo dira salgai jende guztiarentzat, Arriaga Antzokiaren ohiko salmenta kanaletan: www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.