Gaurko topaketan Juan mari Aburto Bilboko Alkatea eta Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi ordezkaria izan dira, beste zinegotzi batzuekin batera. Ekitaldia programari amaiera emateko eta irailera arte agurtzeko izan da. Programaren helburu nagusia adinekoen artean jarduera fisikoa, sozializazioa eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzea da.
Goiz osoan parte-hartzaileak Tai-xi egin eta euren trebeziak erakutsi dituzte latexezko gomekin. Luzatze-ariketak eta dantza koreografiatuak ere egin dituzte.
Juan Mari Aburto Alkateak adierazi duenez "30 urteko ibilbidea duen ekimena da, lagungarria zahartze aktiborako. Gure konpromisoa 65 urtetik gorako pertsonentzako doako programa honekin jarraitzea da".
Gaur egun, 22 zentrotan ezarrita dago: barrutietako udaltegietan, kiroldegietan eta hiriko beste ekipamendu batzuetan. Astean behin adin horri egokitutako jarduera fisikoaren saio bat edo bi egiten dira. "Horretarako, parte-hartzaileak 88 taldetan banatuta daude, eta begirale kualifikatu batek zuzentzen du horietako bakoitza, ekintzak dinamizatzeko, Osasun eta Kontsumo Saileko medikuen eta erizainen zaintzapean" azaldu du Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak.
Bai ikasturte honetan, bai azken urteetan egindakoetan, parte-hartzaile kopurua 3.000 lagunetik gorakoa izan da (horietako %86 emakumezkoak) eta batez besteko adina 79 urtekoa izan da. Ildo horretan, azken 4 urteetan "Azkuna Zentroa - Alondegia" gehitu dute jarduerak gauzatzeko gune gisa eta, egindako azken pausu garrantzitsu horri esker, programa Bilboko barruti guztietara hedatu dela esan daiteke.
Bizi-ohiturak
Gainera, programa honen oso alderdi garrantzitsua osatzen dute sozializatzeko jarduerek, esate baterako, Eguberriko jaia, adiskidetasunezko bazkaria -dantzaldia barne- eta gaur burututako amaierako jaia.
Bestalde, osasuna sustatzeko kanpainak ere egiten dira, beren-beregi adin-tarte horretan interesik handiena duten osasun-arloko gaiak jorratzeko asmoz: istripuz jazotako jauskeren prebentzioa, botikak hartzea, elikadura osasungarriari buruzko hitzaldi-eztabaidak, gernu-ihesari buruzko tailer praktikoak, etab.