Berrikuntza gisa, ekainaren 18ra arte luzatuko den edizio honetan, proposamen askok, erakusketek, performanceek eta bideo-sorkuntzek gastronomia izango dute hari gidatzaile, GastroART Week izenekoaren barruan. Bertan, artista eta gastronomo talde batek, janariaren eta gastronomiaren zenbait alderdi aztertuko dituzte artearen bitartez. Horrela, programazioa gaur, osteguna hasiko da Berreginen Museoan, BLVArt pintxoaren aurkezpenarekin. Pintxoaren sortzaileek, Alberto Lomas, Enaitz Landaburu eta Susana Gutierrez Babio artista eta sukaldariek, zuzenean prestatuko dute arratsaldeko 20:00etatik aurrera.
Izan ere, auzoan jaten zen janariaren azterketa historikoan oinarrituz, sortzaileek aspaldiko meategietan eta kabaretetan aurkitu dute BLVart pintxoa prestatzeko inspirazioa. Gainera, pintxoa, ohiko txikito edalontzian inspiratuta dagoen portzelanazko ontzi batean aterako da, Susana Gutierrez Babiok, Sweet Sue ezizenez ezagutzen denak, ekitaldi horretarako beren beregi sortutako artelanean, hain zuzen ere. Ekainaren 9tik 12ra dastatu ahal izango da taberna hauetan: La Gilda, La Viña de San Francisco, Peso Neto, Perro Chico, Marzana, La Cumbancha, Sarean, Pulperia Florines, Bihotz Cafe eta Cafe Nervion.
Jatekoarekin erlazionatutako programazioaren barruan, Fausto Grossi, Ruben Castillejo edo Chiara Vallini bezalako artistek eskainiko dituzten zenbait performance biltzen dira. Horrela, azken sortzaile italiar horrek, ikus-entzule bakarrari zuzendutako performancea gauzatuko du. Ikus-entzulea mahaian eseriko da, sukaldariak mahaia zelan prestatzen duen ikusteko, baina aurikular batzuen bitartez mundu paralelo ametsezkoan eta surrealistan murgilduko da. Performance bitxi horrek lau emanaldi izango ditu ekainaren 11n, lau lekutan, eta ikus-entzule gisa joateko beharrezkoa izango da plaza bakar hori erreserbatzea. Izen emateak kulturabarrutik.eus webgunean egin daitezke.
Beste proposamen bat, Jakub Pišek, Beata Kolbašovska eta Erik Bartoš artista eslovakiarren 'Barra kodea DJ', bat ere ohikoak ez diren espazioetan gozatu ahal izango da, San Frantzisko kaleko harategi batean, adibidez. Oraingo honetan, sortzaileek eskaintzen duten saioan, musikaren oinarria, kontsumitzen ditugun janarien ontzien barra kodeak dira, eta kode horiek supermerkatuan erabiltzen diren eskaner berberak erabiliz irakurriko dituzte. Zaborrari eta hondakinei buruzko multimedia performance berritzaile eta bitxia da.
Aldi berean, ikus-entzuleek hiru zeramika, pintura eta eskultura eta pintura erakusketa bisitatu ahal izango dituzte. Erakusketa horietan, Sweet Sue, Ignacio Saez eta Tania Blanco artistek, GastroART Week hori dela eta egin dituzten azken lanak aurkeztuko dituzte. Bertan, janariari, gastronomiari edo prozesatutako janarien eraginari buruzko gogoeta egiten dute artearen bitartez.
Ohikoak diren Bilborock eta BilbaoArte bezalako guneek ere antzerkitik bideo-sorkuntzara, instalazioetara edo performancera doazen zenbait arte proposamen jasoko dituzte. 'Las Bastardas' proiektua da azken horietako bat. 2015ean, egoitza Bilboko San Frantzisko auzoan duen Histeria arte-kultura kolektiboak sortu zuen performance taldea da. Hiru hilabetez, zazpi pertsonak osatutako taldea diziplina horretan aritu zen lanean, konbentzionaltasunetik urrun eta esperimentazio bizi eta organikotik gertu dauden gailu eszenikoen bilaketan inplikatutako zenbait artistak lagunduta, motibatuta eta zainduta.
Ohikoa denez, kalea izango da beste eszenatoki nagusietakoa bat, ikus-entzulearekin elkartzera irteteko xedez. Ikus-entzuleek proposamen bitxiak aurkituko dituzte datozen egunetan, Ana Capilla ikus-sortzaile eta koreografo andaluziarrak auzoko hiri paisaiatik egingo duen ibilaldi dantzatua, adibidez. Dantza pieza hori, kaleko zenbait lekutan eskainiko diren elkarrekintzak bilduko dituen ibilbidearen bitartez egingo da, eta artistak bera eramaten utziko dio inguruneari, mugimenduaren bitartez, komunikazio espontaneoa, inprobisatua eta iragankorra sortzeko. Programazioaren barruan hainbat ibilaldi jasotzen dira San Frantziskoko eta Bilbo Zaharreko zenbait txokotatik.
Beste alde batetik, eta ikus-entzule talde zabalagoarengana heltzeko xedez, aurten familiari zuzendutako sorkuntza tailerrak programatu dira. Mama Creak antolatu duen eta 0 – 103 urte arteko pertsonei zuzenduta dagoen jarduera horretan familia osoak hartuko du parte esperientzia sortzaile berean. Tailerrak ekainaren 18an izango dira Berreginen Museoan, arratsaldeko 17:00etan eta 19:00etan, eta sarrera librea izango da, baina aurretik izena eman beharko da kulturabarrutik.eus webgunean.
Hiriko artea
Gainera, ohikoa denez, BLV-Arten aurtengo edizioak dimentsio handiko beste horma-irudi bat gehituko dio hiriko paisaiari. Oraingo honetan, hiriko artean nazioarteko figurak, graffiti zaletasun handiko diseinugile industrialak, diren, eta munduko hainbat lekutan dauden artelan bitxiak egin dituzten Velvet eta Zoer artistek sinatuko dute.
Horma-irudiak, Miribilla kalean dagoen eraikin baten fatxada hartuko du –7 zenbakiaren atzealdea– eta aurreko edizioetako artelanekin gertatu den bezala, inguru horretan ikus daitekeen eta bertako biztanleak eta Bilbo Zaharrean bizi ez diren gainerako pertsonak erakartzeko arte bilduma izan nahi du. 27 metroko garaiera izango duen horma-irudia ekainaren 12rako, amaituta egongo da.
Beste alde batetik, aurreko edizioan bezala, BLV-Art jarduera nagusien artean azpimarragarriak dira, baita ere, inguru horren aldeko apustua egin duten sortzaileen ekimenari esker sortu diren galeria berrietara eta hiriko artearekin erlazionatutako guneetara egingo diren doako bisita gidatuak. Walks – Arte Zirkuitoa partaidetzan oinarritutako bisita interaktiboak dira, euskaraz eta gaztelaniaz, eta Bilbo Zaharreko hainbat gune bisitatuko dituzte.
Bisitak ekainaren 10ean, 11n eta 12an egingo dira, goizez eta arratsaldez (11:20an eta 17:50ean), bi ordu inguruko iraupenarekin. Jarduera horretan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea www.kulturabarrutik.net webgunearen bitartez. Arty Walks-ek Bilbao Arte bezalako lekuak bisitatuko ditu, baina baita galeria, estudio eta tailer txikiak eta merkataritza establezimendu berritzaileak ere. Leku horietan sustatzaileekin eta artistekin hitz egiteko aukera egongo da.
Programazioari amaiera emateko, Zubiburuk, 'Berreginez' lehen diskoa aurkeztuko duen Inun kantautorearen kontzertua jasoko du larunbatean, ekainaren 18an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Jarduera guztiek, kontzertu horrek barne, sarrera librea izango dute.
BLV-Arten helburua Bilboko gune horren kultur espezializazioa da, bertan bizi direnen beharrei erantzuteko baina, batez ere, auzo horiek herritar guztientzat erakargarri izan daitezen, abangoardiako kultur polo bilakatuz, bertan musikarekin, arte plastikoekin, zinearekin edo modarekin erlazionatutako sorkuntza era berriak sortzen ari direlako. Horrela, programak balioa eman nahi dio auzoari, eta hiriaren gainerako lekuekin duen komunikazioa sustatu, inguru horretan sortu diren eta bertako kaleak biziberritzen lagunduko duten kultur proposamenak ezagutaraziko dituzten zenbait jarduera eskainiz.