Bilbo Zaharrak Velvet eta Zoer artistek sinatutako formatu handiko horma-irudi berria du

uriola.eus 2016ko eka. 13a, 13:41

Bilbo Zaharrak Hiriko esku-hartze lan berria dauka. Miribilla kaleko 7an dagoen dimentsio handiko horma-irudiak, nazioartean ospetsuak diren Velvet (La Roche – sur-Yon) eta Zoer (Palermo) artisten sinadura darama. 

Ekimena, auzo horien garapenerako eta goitik beherako berriztapenerako elementu dinamizatzaile gisa kulturaren aldeko apustua egiten duen eta Udalak, inguruko zenbait kultur eragilerekin batera, antolatzen duen 'BLV-Art' programaren barruan dago. Nekane Alonso Kultura Zinegotziak eta artistetako batek, Velvetek, gaur goizean bisitatu dute atzotik hiriaren paisaiaren parte den artelana.

Proiektu artistiko hori, orokorrean 'horma arte publiko' izena hartzen duenaren barruan dago, hau da, arte kontzeptua edo proiektua, gehienetan testuinguru publikoan eta irekian gauzatzen duten esku-hartzeak eta prozesuak. Zoerrek eta Velvetek mundu osotik jasotzen dituzte deiak.

Bi artista horiek elkarrekin egiten dituzten horma-irudiak, argazki oroitzapenak egituratzearen emaitza dira, bertatik baitaude aterata irudikatutako eszenak, objektuak eta hizkiak. Bi artisten konposizio lanek eboluzionatu egiten dute euren bidaien eta esperientzien ondorioz.

Horrela, Bilbo Zaharra auzoak, aurreko edizioetan egindakoei gehituko zaien formatu handiko beste horma-irudi bat izango du. Lan horiei esker, ingurune horretan aire libreko ibilbidea osatu ahal izan da, Suso33, Eltono, Sixe, Aryz edo Michael Grudziecki bezalako artistek, hainbat teknika erabiliz, sinatu dituzten horma-irudiak bisitatzeko. 

Zoer, izenez Frederic, 1985ean jaio zen Palermon (Italia). Oso gaztetatik ibilgailuak, trafikopilaketa eszenak, apurtutako automobilak… marrazten hasi zen. Urte batzuk geroago komiki tiraren unibertsoan inspiratu eta bere lehenengo fanzineak argitaratu zituen, narraziorako gustua garatuz. 2003an lehen pausoak ematen hasi zen graffitian eta pintura bere osotasunean landu zuen, akrilikoaren bitartez hasieran eta olio-pinturaren bidez ondoren.

Velvet, izenez Matthieu, 1986an jaio zen Saint Malon (Frantzia). Umetatik inguruan zuen itsaso eta industria unibertsoak eragin nabarmena izan zuen bere marrazkietan eta komiki tiratan. 2000. urtetik aurrera sprayz margotzen hasi zen, eta ondoren akrilikoarekin eta oliopinturarekin lanean hasi zen.

Bi artistek, Frantzian egiten ari ziren industria diseinu ikasketetan ezagutu zuten elkar. Graffitiarekiko grinak bultzatuta 'CSX' Chômeurs Sans eXperience (Esperientziarik Gabeko Langabetuak) kolektiboa sortu zuten 2004an. Industria diseinugile gisa duten esperientzia dela eta, sarritan erabiltzen dute objektua lanaren bihotz gisa. Horrez gain, euren margolanen eta lantzen dituzten gaien errealitate ukigarriaren arteko zubiak ezartzen dituzten mihiztadurak eta instalazioak gauzatzen dituzte, horiekin sinbiosi ezin hobean bat eginez.