'Oholtza' lana aurkeztuko du Beñat Krolemek bihar eguerdian

uriola.eus 2016ko eka. 17a, 08:00
Argazkia: www.mintzola.eus

Erriberako merkatuan izango da, 12:00etatik aurrera. Performancean Jon Martin eta Jone Uria bertsolariek hartuko dute parte.

Iaz Mintzolak eta Laboa Katedrak elkarrekin esleitutako proiektu sarietako bat eskuratu zuen Beñat Krolem bilbotarrak. Bertsolaritzaren hitzaren arteko irudia lanarekin lortu zuen proiektu saria, eta orain hortik eratorritako Oholtza lana aurkeztuko du larunbat honetan bertan 12:00etatik aurrera, Bilboko Erriberako merkatuan. Jon Martin eta Jone Uria bertsolariak izango ditu lagun performancea gauzatzeko.

Oholtza bertsolariari jarduteko toki bat eskaintzen dion eraikuntza-aldagaien multzoa da, mugikorra eta artikulagarria. Bat-bateko eraikuntza-jokoa da, pie­za-multzoen bitartez osatzen dena. Emanaldiaren unean bertan proiektatu, diseinatu eta muntatzen diren egiturak dira. Bertsolariak abestu duen unean ber­tan hitzekin sortzen duen bertsoaren pareko prozesuak dira. Oholtza bertsoa sortzeko sormen-prozesuaren harremanaren eta gorputzaren jarreraren arteko azterketa da. Bertan, bertsolaria bera hitzen aldare bihurtu eta altxatu egiten da.

Erriberako merkatuko performanceaz gain, Beñat Krolem Europa bat-batean topaketaren baitan egingo diren jardunaldi akademikoetan izango da Oholtza erakusketarekin. Miramar Jauregian izango da bere lana ikusgai uztailaren 11tik 15era.

Beñat Krolem (Bilbo, 1990) Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatua da, University of the West of Englanden, Bristolen, urtebete igaro ostean. Sorkuntza-beka ezberdinak jaso ditu, tartean, Antonio Gala Fundazioko beka, BilbaoArte Produkzio beka eta aipatutako Mintzola Ahozko Lantegiak eta Mikel Laboa Katedrak esleitutakoa. Gaur egunean bat-batekotasunaren eta inprobisazioaren prozesuak ikertzen ari da.

 

Aurtengo deialdia zabalik

Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak iaz esleitutako proiektu sarietako bat Beñat Krolementzat izan zen. Aurten ere deialdia zabalik dago: bi ikerketa kontratu eta hiru proiektu sari daude esleitzeko. Irailaren 12a baino lehen aurkeztu behar dira baterako zein besterako eskaerak. Prozeduraren eta xehetasunen inguruko informazio gehiago topa daiteke www.mintzola.eus  eta www.ehu.eus/laboakatedra  atarietan.