San Nikolas jauregia ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira uztailean

uriola.eus 2016ko eka. 23a, 08:33

corriendoporlajaula.blogspot.com

Datorren uztailaren 5etik 29ra, Bilboko Udalak Alde Zaharreko San Nikolas jauregia ezagutzeko aukera emango du, antolatuko diren bisita gidatuetan. Bisitak asteartetik larunbatera egingo dira aurretiazko erreserbarekin, eta doakoak izango dira.

Gaur egun BBVA Fundazioaren egoitza den San Nikolas jauregia XIX. mendean eraiki zen. Arbelezko mantsarda erremate tipiko eta ukitu frantsesaz osatuta dago. Eugene Lavalle Pariseko arkitektoaren obra da eraikina, lanak Bordeleko Jamain, Pére et fils kontratistei esleitu zitzaizkien bitartean. 

Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, astearte eta asteazkenetan 10:00etan, 16:30ean eta 18.00etan; ostegunetan 10:00etan, 12:00etan eta 16:30ean (16:30ean euskaraz) eta ostiraletan goizeko 10:00etan, datorren uztailaren 29ra arte. Bisitak orduete eta erdi inguruko iraupena izango du eta 30eko taldeak izango dira gehienez. Ondorioz, aurretiazko erreserba beharrezkoa izango da 944010010 telefonora deituz. 

Ondarearen hedapenerako proiektua den Bilbao Izan programaren barruko jarduera gisa aurkeztu du Udalak San Nikolas jauregiko bisita. Proiektua 2010. urtean jarri zen martxan eta jendearen harrera geroz eta hobea izan denez, lehenengo aldiz, uztailean ere hainbat bisita antolatu dira, joan den maiatzean egin zirenetaz gain.

Informazio gehiago hemen.