Odola emateko desafioa luzatu diete bilbotarrei

uriola.eus 2016ko uzt. 13a, 12:12

Larunbatera arte, Areatzan, Odola Emateko Bilboko 1. Maratoia martxan izango da 'Egin bat erronkarekin, nire odola emango dizut' lelopean.

Bilboko herritarrei "solidario izateko" eta "odola emateko" deia zabaldu die Bizkaiko Odol Emaileen Elkarteak. Horretarako, astelehenetik larunbatera arte Areatzan elkartearen higikorretako bat egongo da goizez eta arratsaldez (9.15-14.00 eta 16.30-21.00) odola ematea errazteko.

Odola Emateko Bilboko 1. Maratoiaren helburu nagusia da Bilboko odol-emateen indizea hobetzea. Gaur egun, Bilboko indizea 1000 biztanleko 26,9 odol-ematekoa da (Bizkaikoa 33,3 eta EAEkoa 41,1). Bilboko 1.000 biztanleko odol-emate kopurua EAEko txikiena da, horregatik nahi du elkarteak "herritarrak odola emateak duen garrantziaz jabetzea". Izan ere, urte osoan da garrantzitsua odola ematea, "baina batez ere udaran, gure ospitaleetan funtsezkoa eta berebizikoa den jarduerari eusteko". Uda garaian %30 eta %50 artean jaisten da odol-emate portzentajea. 

Hori dela eta, ohiko odol-emaile guztiei dei egin die elkarteak egun hauetan Areatzara odola ematera joan daitezen, eta oraindik odola eman ez dutenei odol-emaile izateko desafioa luzatu die. 

www.donantes2punto0.org