Claudio Tolcachir zuzendari argentinar ospetsuaren zuzendaritzapean, maila handiko lau antzezle igoko dira Arriagako agertokira, oraindik ere El credito lanean egin zuen lan bikainarengatik gogoratzen den Carlos Hipolito antzezle handia, eta iaz Arriaga Antzokiaren izen bereko ekoizpen txalotuan La viuda alegre gisa egin zuen lanarekin arrakasta handia lortu zuen Natalia Millan antzezle polifazetikoa buru direla. Mapi Sagasetak eta Armando del Riok osatzen dute bikote bizitzari eta bikote bizitza barruko egiei eta gezurrei buruzko benetako tratatua den La mentira laneko antzezle taldea. Antzezlanak oso kritika onak jaso ditu, makineria ezin hobea omen delako. Ez da hitzik falta eta ez dago hitz bakar bat ere soberan, trebezia bikainez josiz amaiera harrigarrira eramango gaituzten egoeretan.
La mentira antzezlana gaurtik, irailaren 15etik, igandera, 18ra, egongo da karteldegian. Egunero emanaldi bat eskainiko da, larunbatean izan ezik, egun horretan bi saio programatu baitira, 18:00etan eta 21:00etan. Gainerako emanaldiek Arriaga Antzokiaren ohiko ordutegia izango dute, hau da, 20:00etan ostegunean eta ostiralean eta 19:00etan igandean.
Sinopsia
Aliciak beste emakume batekin aurkituko du bere adiskide onenaren senarra. Gau horretan bertan beste bikotearekin afaltzera joango dira. Kontatu egin behar al du? Senarrak behin eta berriro ezetz esaten dio. Zergatik? Berak ere ba al du zer ezkutatu? Makineria ezin hobearekin, amaiera harrigarrira eramango gaituen gezurren eta egien jolasa.
Nora eramaten gaituzte egiek eta gezurrek bikote barruan? Esaten den gezur bakoitzak ondorio bat du harremanaren barruan, eta horrek ez du atzera bueltarik, eta beste gezur batekin baino ezin izango da konpondu edo, txarragoa izan daitekeena, sinesgarriagoa izan daitekeen egia batekin…
Egileari buruz
Florian Zeller, 37 urte baino ez dituen arren, egungo antzerki europarreko erreferentziazko egileetako bat da eta, ondorioz, Frantziako dramaturgo garaikide ezagunenetakoa. L'Autre (Bestea) eta Le Manège (Zaldiko-maldikoa) bere lehenengo bi lanek harrera bikaina jaso zuten kritikaren eta ikus-entzuleen aldetik. Hirugarren antzezlana, Si tu mourais (Hilko bazina), Pariseko Théâtre des Champs-Élysées antzokian estreinatu zen Catherine Frotekin, eta 2008an, Elle t'attend (Bera zain dago) lanak ere arrakasta handia lortu zuen Laetitia Casta eta Bruno Todeschini antzezleekin. 2011n Moliere Saria irabazi zuen La Mère (Ama) antzezlanarekin. Bere antzezlanak hainbat herrialdetan ikusi ahal izan dira. La Verité (Egia) lana, adibidez, José María Flotatsek eraman du antzerkira Espainian, La verdad izenburuaz. Azpimarragarria da, baita ere, Christopher Hamptonek Le Père (Aita) antzezlanari buruz egin duen bertsioa, gaur egun Londoneko karteldegiko arrakasta nagusia dena.
Ikuskizunerako sarrerak 8,50 eta 25 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.