Goizalde Landabasok aurkeztu eta bideratuko duen saioan euskaraz idatzitako literaturari eta askatasunari buruz berba egingo dute Jasone Osoro eta Gotzon Barandiaran idazleek, termino horren "zentzu zabalean".
Hitzordua, gaur, hilak 20, 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren.
Streaming bidez solasaldia jarraitzeko: www.kulturguneatb.net
Partaideak
Jasone Osoro (Elgoibar, 1971) Informazio Zientzietan lizentziatua da. Kazetari gisa egin du lan, eta telebistako aurkezle, laguntzaile eta gidoilari gisa ere aritu da, eta hainbat urte daramatza prentsa idatziko zenbait mediotan kolaboratzen. 1998an argitaratu zuen bere lehenengo kontakizun liburua, Tentazioak, eta bere lan ezagunena, bere lehenengo haurdunaldia lehen pertsonan kontatzen duen Bi marra arrosa (2009) da. 2014an umeei zuzendutako Muma mamua liburua argitaratu zuen, eta iaz, XVI. Agustin Zubikarai beka irabazi ostean, 12etan bermuta eleberria argitaratu zuen.
Gotzon Barandiaran (Larrabetzu, 1974) musikari ere bada idazle izateaz gain, eta azpimarragarria da euskarazko oinarrizko kultura bultzatzeko egin duen lana. 2010ean Errotik eleberria argitaratu zuen. Argitaratu zituen lehenengo lanak poema liburuak izan ziren: Arrakalak (2004) eta Katamalo (2008). Poemak musikatzen, abesti bilakatzen eta musikaren bitartez eta hipokrisiari, beldurrari, maitasunari, zoriontsu izateko ezintasunari, lotsari edo harropuzkeriari buruz berba egiten duten testuen bidez gogoeta bultzatzen aritzen den Bihotz Bakartien Klubaren sortzaileetako bat da.
Hamargarren edizioa
2007ko urtarrilean Eztabaidak Literaturarekin egitasmoa martxan jarri zenetik, 270 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 9.500 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre, Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga.
Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen euren eskutik.