Ikasturte hau 2016ko urritik 2017ko ekainera egingo da eta kirol modalitateen eskaintza zabalduko da, Bilbao Kirolak erakundeko erabiltzaileek erakutsi duten gogobetetasun-maila handiari erantzuteko. Eskainiko diren 79 modalitateetatik 13 berriak dira.
- Dantza urbanoa (Kasillako kiroldegian)
Dantza modernoaren luzapen modura, dantza urbanoak (street dance) dantza modernoaren estiloak osatzen ditu eta dantza modernoaren joera berri guztietara zabaltzen da: krump, house dance, dougi, dance hall…, zure taldearekin kultura urbanoaren ezagutza partekatuz, erritmoaren eta musikaren eskutik.
- Zumbing txiki (Deustuko kiroldegian)
Jarduera honetan dantza eta ariketa fisikoa uztartzen dira; horrela, erresistentzia kardiobaskularra, koordinazioa eta erritmoaren zentzua hobetzen dira eta diziplina berri bat sortzen da, txikienengan pentsatuta.
- Zumbing urbanoa (Deustuko kiroldegian)
Zumbing urbanoa zumbatik dator, erritmo latindarrei erritmo urbanoak erantsiz, jarduera kardiobaskular moderno eta erakargarria lortzeko. Oso erraza da jarraitzeko eta ez da beharrezkoa aldez aurretik dantzan egiten jakitea.
- Koreodance txiki (Miribillako kiroldegian)
Espezialitate artistiko eta kiroletako hau taldean egiten da, zenbait elementu eta erritmo uztartuz: dantza estandarra, latinoa, line dancea eta lindy hop-a. Horrela, umeak modu dibertigarri eta sozializatzailean hasiko dira ariketa fisikoa egiten.
- Umeentzako pilatesa (San Ignazio eta Txurdinagako kiroldegietan)
Entrenatzeko sistema honek barruko muskuluak sendotzean jartzen du arreta eta yogako eta balleteko erlaxazio-teknikak erabiltzen ditu, besteak beste, ohitura postural osasungarriak eta buruaren eta gorputzaren arteko oreka ume-umetatik lortzeko.
Familiarentzako pilatesa (Kasillako kiroldegian)
Pilates jardueraren bertute guztiak, familian praktikatzeko.
- Yoga zoru pelbikoa (Deustuko kiroldegian)
Ariketa programa honetan zoru pelbikoa eta perineoa sendotzen dira. Horretarako, arnasketa kontrolatzen da eta yogako ariketa batzuen praktikak ematen duten erlaxazioa erabiltzen da. Yogaren teknika ekialdean dauka jatorria. Adin guztietako pertsonentzat da.
- Yoga bikram edo hoy yoga (Miribillako kiroldegian)
Hot yoga giro beroan eta klimatizatuan egiten da eta erresistentzia eta malgutasuna areagotzen ditu. Yoga mota guztiek sustatzen duten arnasketa sakon eta sendoarekin batera, gorputza desintoxikatu egiten da eta pisua galtzen laguntzen du.
- Igeriketa 2/3 urteko umeentzat (Txurdinaga eta Miribillako kiroldegietan)
Igeriketa programaren bertute guztiak 3 urtetik gorako umeentzat.
- Dantza umetxoekin (Miribillako kiroldegian)
Familian egiteko jarduera, zuen umetxoarekin kontaktu estuan egiteko ariketa fisikoa. Erresistentzia, tonifikazioa eta malgutasuna, umetxoentzako egokiena den musikarekin.
- Badmintona (Abusuko kiroldegian)
Badmintona erraketaz jolasten den kirola da, buruz buru edo bikoteka, erdian sarea duen pista laukizuzenean jokalariak alde banatan jarrita jokatzen dena. Erraketaz jolasten diren beste kirol batzuetan ez bezala, pilota erabili ordez, pilota erdi batez eta lumazko isats batez osatutako pilota hegalari bat erabiltzen da. Horregatik, badmintona oso aproposa da adin guztietako jendearentzat, egoera fisikoa zein den kontuan hartu gabe.
- Rollerdancea (Abusuko kiroldegian)
Patinatzea maite dutenentzat. Rollerdancea irristaketako kirol-diziplina bat da eta elementu teknikoak eta alderdi artistikoak uztartzen ditu. Musikak zeregin garrantzitsua dauka koreografiak ondo egiten laguntzeko. Norberak eraman behar ditu patinak.
- Euskal dantzak (Errekaldeko kiroldegian)
Dantzaren onura guztiak euskal kultura eta folklorearen elementu garrantzitsuenetako bat praktikatuz.
Ikasturte honetan eskainiko diren modalitate berriez gain, Bilbao Kirolak erakundeak erabiltzaileek gustuko dituzten beste jarduera batzuen eskaintza sendotzen jarraituko du. Horrela, bada, urian banatzen diren kiroldegietako pistako eskaintzak eta igerilekuetako eskaintzak (Atxuri, Miribilla, Errekalde, San Ignazio, Txurdinaga eta Zorrotza) erabiltzaileen beharrizanei egokitutako plaza-kopurua bermatuko dute. Onarpen-mailarik altuena daukaten kirol modalitateen arten daude fitnessa, pilates, padela, aerobica, mantentze-gimnasia, zumbing-a, tenisa edo gimnasia erritmikoa, besteak beste.
Erabiltzaileen onarpen-maila altua berresten duen beste datu bat aldez aurretik hitzordua eskatu dutenen kopurua da. Bilbao Kirolak erakundeak emandako datuen arabera, irailaren 5era arte 16.762 pertsonek eskatu dute hitzordua, aurreko ekitaldian izandako zenbatekoaren antzekoa.
Euskararen aldeko apustua
Udalak administrazioaren eta herritarren arteko komunikazioa euskaraz egiteko konpromisoari erantzuteko asmoz, Bilbao Kirolak erakundeak bermatu du ikasturte honetan 153 ikastaro euskara hutsean egingo direla -aretoan eta uretan-. Gainera, gogoratu behar da Bilbao Kirolak-ek umeen ikastaroetako monitoreen %90a elebidunak direla eta hortaz, erabiltzaileei euskaraz eta gaztelaniaz erantzuteko gai direla.
Berritasun modura, San Ignazioko Kiroldegian ingelesez emango dira padeleko ikastaro bi.
Kontziliazioaren alde
Udalak hartutako beste konpromiso bat kontziliazioa ahalik eta alderdirik gehienetan bultzatzea da. Bilbao Kirolakeko erabiltzaileek beren laneko eta aisialdiko denborak aprobetxa ditzaten, kirolaren praktika sustatzeko institutuak ikastaro batzuk antolatu ditu (familiarentzako pilates, dantza umetxoekin, umetxoen igeriketa edo 2/3 urtetik gorakoen igeriketa) gurasoek familian egin dezaten kirola. Bestela, seme-alabak umeentzako modalitateetara eraman ditzakete: umeentzako pilates, zumbing txiki, koreodance txiki, umeen igeriketa, besteak beste).
Bizitza aktiboa 60 urtetik gorakoentzat
Egoera fisikoaren eta osasunaren arteko oreka izan nahi duten 60 urtetik gorako pertsona guztientzat, Bilbao Kirolak erakundeak intentsitate leuneko ariketa fisikoko programa bat eskaintzen du, zahartzearen inboluzio fisikoaren prozesuari hobeto aurre egiteko. programa horretan egokitzapen fisiko orokorra, jarduera ludikoak, kiroletakoak eta erritmokoak uztartzen dira Atxuri, Casilla, Deustu, Miribilla, San Ignazio eta Txurdinagako kiroldegietan.
Fitness
Fitness-a Bilbao Kirolak eskaintzen duen jardueretako arrakastatsuena da. Ekintza honetan izena eman duten pertsonek, kirolaren promoziorako udal entitatearen kiroldegi sareko edozein fitness programarako sarrera librea dute. Gimnasioan burutzen den jarduera programa hau, sistema kardiobaskularra hobetzeko eta gihar sistema tonifikatzeko bideratuta dago. Fitness-a ariketa eta gihar multzo bakoitzerako bereziak diren makinekin egiten da eta begirale baten ikuskaritzapean egiten da, gimnasioko makinetan, entrenamendu zirkuitu desberdinak gomendatzen dituelarik.
Informazio gehiago
Irailaren 24an zabalduko da hitzordurik ez daukaten abonatuek izena emateko epea; irailaren 26tik aurrera, abonatuak ez diren baina Bilbao Kirolak erakundeak ikasturte honetarako antolatutako jarduerak egin nahi dituztenek izena eman ahal izango dute.
Ikastaroetako tarifak, abonatuentzat eta ez abonatuentzat, eta ikastaroetako katalogo osoa (euskaraz eta gaztelaniaz) www.bilbaokirolak.com webgunean daude. Hortaz, interesa daukatenek kiroldegi bakoitzeko eskaintza zein den ikus dezakete.