Bilbok Alde Zaharreko merkataritzaren aldeko konpromisoa indartu du

uriola.eus 2016ko ira. 19a, 11:40

Udalak Alde Zaharra berrindartzeko duen konpromisoa indartu du, hiriko merkataritza-gune nagusietako bat alegia. 2015-2019 aldirako Merkataritza Plan Estrategikoaren testuinguruan, udalak 50.000 euroko partida bideratzea onetsi du proiektu berriak sustatzeko.

Proiektu horiek Bizkaiko hiriburuan erosketak egiteko erreferentzia den gune bateko lehiakortasuna eta produktibitatea hobetzeko izango dira. Zehazki, saltoki bakoitzak 6.000 euro arteko diru-laguntza jaso ahal izango du, egindako inbertsioaren arabera. Lehentasuna duten erronka bi kalitatezko arreta eskaintzea eta salmentak suspertzea dira erakargarritasuna irabaziz eta merkataritza modernizatuz, eta laguntza hauek horri erantzuna emateko helburua dute.

Plan honetan parte hartzeko interesa duten saltoki guztiek dagokion eskaria aurkeztu beharko dute irailaren 16aren eta azaroaren 15aren bitartean www.bilbao.net/bilbaoekintza webgunean edo Bilbao Ekintza udal sozietatearen bulegoetan, Nafarroa kaleko 5. zenbakiko 3. solairuan, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara. Gainera, udalak Alde Zaharreko saltokientzako eskuragarri jarriko du Bilbao Ekintzak kudeatuko duen zerbitzua. Zerbitzu horrek aholkularitza profesionala eta banakakoa eskainiko du negoziorako ideia eta proiektuak garatzeko, bai jada errotuta dauden negozioetarako baita sortu nahi diren negozio berrietarako ere.

Ekimen honekin, Bilboko Udalak saltoki berriak irekitzea sustatu nahi du eta jada erdigune historikoan dauden negozioen lehiakortasuna indartzea baita ere. Gune hori, bere jatorrietatik merkataritza-tradizioari estuki lotuta dago eta tradizio hori denboran zehar mantendu da, bertakoen, bisitarien eta turisten elkargune garbia delarik. Hala, gaur egun txikizkako 535 saltoki daude bertan, hirian dauden saltokien % 10,4 alegia, eta datu horrek Alde Zaharra Bizkaiko hiriburuko erosketak egiteko erreferente bihurtzen du.

2015-2019 aldirako Bilboko Merkataritza Plan Estrategikoa

Laguntza hauek 2015-2019 aldirako Bilboko Merkataritza Plan Estrategikoaren merkataritza oreka deituriko ardatz estrategikoaren barne hartzen dira. Ardatz horrek hiriak duen erakargarritasuna sustatu nahi du erosketak egiteko gune bezala, jarduera ekonomikoa eta lan gehiago sortu ahal izateko. Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Bilbao Dendakek sustatuta, hiriko merkataritza elkarte guztiak ordezkatuz, dokumentu hau da erakundeen eta sektorearen arteko elkarlanaren emaitza. 

Hiriak datozen lau urteetan merkataritzaren alde egingo duen apustua eta horrekiko konpromisoa zehazten dituen ibilbide-orriak, alde batetik, saltoki berriak irekitzea erraztea eta, bestetik, jadanik instalatutako negozioak sendotzea du helburu. Gainera, 2015-2019 aldirako Bilboko Merkataritza Plan Estrategikoa ekonomia suspertzen eta kontsumitzaileen konfiantza gora egiten ari den testuinguru batean abian jarriko da, eta alderdi horiek funtsezkoak dira salmentei dagokienez.