Manel talde katalanak ‘Jo competeixo’ lana aurkeztuko du igandean Arriagan

uriola.eus 2016ko urr. 19a, 09:26

Estatu mailan oso gutxi dira kritikari zein ikus-entzuleei dagokienez, Manel taldeak azken urteetan lortu duen feedback positiboa lortu duten 'Indie' orbitako musika taldeak. Eta, gainera, katalanez abestuta lortu izanak, penintsula osoan parekorik ez duen fenomeno bilakatzen ditu.

Taldearen azken lana, Jo competeixo (karrerako laugarren albuma) apirilean argitaratu zuten, eta kaleratu eta astebetera, diskoak Espainiako salmenten zerrenda ofizialaren lehen tokia lortu zuen, eta gauza bera gertatu zen iTuneseko rankingean. Horrela, katalanez abestutako hiru albumekin estatuko salmenten rankingean lehen lekua ondoz ondoko hiru alditan lortu duen lehenengo taldea bilakatu da. Benetako musika fenomenoa.

Manelen bira igande honetan, urriaren 23an, helduko da Arriaga Antzokira, eta bertan, bere azken lanaren abestiak ezagutzeko balioko duen kontzertua eskainiko du arratsaldeko 19:00etatik aurrera, aurreko hiru diskoetako abesti enblematikoak ahaztu barik. Abesti berriak pop soinu garaikideagora hurbiltzen dira, ukitu elektronikoekin, baina, bandaren ohiko soinu poperoa eta folkiea traizionatu barik. Manelen aurreko lanekin dagoen alde nagusia, haiek erabateko intimitatean erregistratu ziren bitartean, Bartzelonako taldearen laugarren diskoa ekoizle batekin, Jake Aron estatubatuarrarekin, gauzatu duten lehenengo esperientzia dela da. Haren laguntzarekin, Guillem Gisbertek (ahots nagusia, ukelelea eta gitarra), Roger Padillak (ahotsa, gitarra, banjoa, melodikoa, mandola, ukelelea eta MIDI programazioak), Martí Maymók (ahotsa, baxua, kontrabaxua, klarinetea eta txirula dultzea) eta Arnau Vallvék (ahotsa, bateria, perkusioa eta MIDI programazioak) esperimentazioan sakondu dute, soinu ehundura berrien bila.

Ikuskizunerako sarrerak 12 eta 28 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.