Arriagak Rita de Barrenechearen ‘Catalin’ lanaren erabateko estreinaldia jasoko du

uriola.eus 2016ko urr. 21a, 09:15

XVII. mendean emakume batek idatzita Espainian argitaratu zen lehen antzezlana da Catalin. Bi mendez isilik, ezkutatuta, egon den antzezlana berreskuratuko dute, eta Teresa Caloren dramaturgiarekin eta Gorka Minguezen zuzendaritzapean aurkeztuko da.

Arriaga Antzokiak beste erabateko estreinaldi bat jasoko du, denboraldi honetako hirugarrena (aurretik La mentira eta Invencible lanen estreinaldiak jaso zituen). Ikus-entzuleek gaur eta bihar, ostirala eta larunbata, biak ere arratsaldeko 20:00etan, gozatu ahal izango duten Catalin antzezlana izango da.

Catalin lanaren estreinaldia oso gertakari garrantzitsua da antzerkiaren munduan, izan ere, egilea, Maria Rita de Barrenechea (Bilbo 1757- Madril 1795), Solanako markesa eta Carpioko kondesa, Espainiako antzerkiak eta euskal literaturak erabat ahaztuta duten egilea da. Bilbon jaio zen, Bizkaiko goi nobleziako familia batean. Gaztetan joan zen Valladolidera, eta bertan ezkondu zen. Ondoren Madrilera joan zen, eta gazterik hil zen bertan, 37 urte baino ez zituela. Harrigarria da hain ezezaguna izatea, Rita izan baitzen bere antzezlana argitaratuta ikusi zuen Espainiako lehenengo emakume dramaturgoa. Antzezlan hori Catalin da, emakume batek Espainian idatzi zuen eta argitaratzea lortu zuen lehenengo lana, eta gaur egun berriro ikusi ahal izango dugu, Erre produkzioakek, Artekak eta Maskarada taldeek kaxoi batetik atera dutelako, bi mendez isilpean egon ondoren.

Teresa Calo arduratu da zazpi antzezle eta eszenan bertan sartuta zuzenean jotzen ari den musikaria dituen lanaren dramaturgiaz, eta Gorka Minguez zuzendaritzaz. Horrela, Sandra Ferrus, Alfonso Torregrosa, Ales Furundarena, Iñaki Urrutia, Maria Goiricelaya, Gergori Ayarzaguena eta Aitor Borobia dira pertsonaiei bizia ematen diotenak, Ismael Merino musikariak lagunduta.

Ezinbestekoa da aipatzea, proiektu hori gauzatzeko aurrekari garrantzitsua baita, Rita de Barrenechea eta berak idatzitako Catalin lana, 2006an Arartekokoak argitaratu zuen eta Inmaculada Urzianqui katedradunaren aurretiazko azterlana zeukan argitalpen bereziari esker irten zirela isilpekotasunetik eta ahanzturatik.

Antzezlanaren sinopsia

Rita de Barrenecheak festa bat eskaini zien etxean bere lagun ilustratuei: Goya, Albako Dukesa, Jovellanos… eta aukera horretaz baliatuz, idatzi berri zuen eta Catalin izenburua zeukan antzezlana aurkeztu zuen. Lana baserri batean dago girotuta, eta bere gaia desberdintasunean oinarritutako ezkontzak dira. Baina Ritak ez zuen festa antolatu antzezlana aurkezteko soilik, baita Jovellanos Sociedad Economica Maritrense izenekoan emakumeak sartzearen alde ager zedin ere.

Rita de Barrenecheari buruz

Maria Rita de Barrenechea (1757-1795), Solanako markesa eta Carpioko kondesa, Bilbon jaio zen, baina gaztetan joan zen Valladolidera, eta ondoren Madrilera, non goi mailako gizartearekin harremanak izan eta literatur zirkulu hoberenetako kide izan zen, adiskidetasun handia izanik Jovellanosekin. Garai hartatik, hil baino hilabete gutxi batzuk lehenago Goyak egin zion erretratu bikaina geratu da (une honetan Louvren). Bere figura gaixotasunak markatu zuen, eta egile dramatiko originaltzat har dezakegu idatzi zituen lanen artean hiru baino kontserbatzen ez diren arren: La aya, izenbururik gabeko beste bat eta, batez ere, Catalin, ukitu neoklasikoa eta sentimentala duen, eta XVIII. mendearen amaierako Portugaleten gertatzen den komedia.

Ikuskizunerako sarrerak 6,50 eta 21 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.