Hybrid, Rhythm & Dance ikuskizuna Motoko Hirayama dantzari eta koreografoak zuzentzeaz gain sortu ere egin du, Oreka TX taldearekin eta Emi Toko Ainu etniako abeslariarekin elkarlanean. Guztiek hartzen dute parte ikuskizunean eta gainera, diziplina ezberdinetako eta Japonian oso ezagunak diren dantzariak ere agertzen dira taula gainean. Kulturen arteko nahasketa zirraragarria eta bisualki oso ederra da emaitza. Ikuskizunak kultura japoniarra, euskalduna eta Ainu etniarena uztartzen ditu, azken honetakoa baita Emi Toko, oso kantatzeko era berezia duena.
Egitasmoa Motokok Euskal Herrira eta Ainuen herrietara egindako bidaietan du abiapuntua. Bidaia horietan Oreka TX-ren musika eta Emi Tokoren kantaera ezagutu zituen, eta hor sortu zen Hybriden ernamuina. Harrezkeroztik, Internetek berebiziko garrantzia izan zuen, skype bidezko solasaldien bitartez eta bideoak, musika eta abestiak partekatuz bideratu baitzuten proiektua. Azkenik, urte honen hasieran Ikuskizuna borobildu zuten, Oreka TX Japoniara bidaiatu eta guztiek elkarrekin egindako hilabeteko egonaldiari esker.
Ikuskizunaren mundu mailako estreinaldia 2016ko martxoaren 25ean gertatu zen, Tokioko New National Theatreko Playhouse areto ezagunean, 50 metroko luzera eta 30 metroko zabalera duen eskenatoki handiaren gainean. Aretoa bete zuen publikoaren erantzuna bikaina izan zen eta kritikak ere oso positiboak.
Kulturen arteko partekatzea
Hybrid, Rhythm & Dance sustraietara begira sortutako lana da, baina era berean garaikidea eta oso teknikoa. Oso japoniarra da denboraren kudeaketari dagokionez, izan ere dena modu lasaiagoan egiten da, Europan ohi dugun erritmoarekin konparatuta astiroago. Hori izan daiteke, seguruenik, bertako publikoak antzemango duen berezitasuna.
Ikuskizunaren alderdi artistiko bikaina alde batera utzita, oso aipatzekoa da elkarrengandik hain urrun dauden bi herrialdek bat egiteko izan duten gaitasuna. Horren harira, bereziki nabarmendu beharra dago Emi Toko abeslaria gure artean ikusteko aukera izatea, izan ere ez da batere ohikoa Ainuak euren bizilekutik kanpo ikustea. Oso etnia berezia da, oso hermetikoa.
Ikuskizunaren bira Txalap.ARTen eta New National Theatreren arteko koprodukzioa da. Gainera, inguruko kultura programatzaileekin kolaborazioak lortzeko xedea duen DSS2016ko Elkarrizketak delako lerroaren barruan dago, eta EU-Japan Fest erakundearen babesa ere badu, Japoniaren eta Europaren arteko elkar ezagutza sustatzen dituzten kultur emanaldiak sustatzen dituena. Japan Fundationek eta Japoniako Kultura Ministerioak ere lagundu dute proiektua errealitate bihur dadin.
Ikuskizunerako sarrerak 8 eta 30 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.