50eko New Yorkeko legez kanpoko inmigrazioaren drama Arriagan ikusgai

uriola.eus 2016ko urr. 25a, 10:40

Azken hamarkadetako antzezle handienetako bat, Eduard Fernandez, Arriagako agertokira itzuliko da ostegunean; oraingo honetan Panorama desde el puente lana eskainiko duen eta 8 antzezlek osatuko duen taldearen, buru gisa. Estatu Batuetako antzerkiak eman duen eta, jakina, Arthur Miller egile handiaren, lan garrantzitsuenetakoa da. 

Francesc Albiolek, Merce Ponsek, Marina Salasek, Bernat Quintanak, Pep Ambrosek, Rafa Cruzek eta Sergi Vallesek osatzen dute joan den mendeko 50eko hamarkadako New Yorken nagusi ziren legez kanpoko inmigrazioaren eta gizarteko tentsioaren drama, hiri hartako portu inguruko auzo pobreetan girotuta, erakusten duen istorioari eszenatoki gainean bizia emango dion antzezle taldea.

Eduard Fernandez Panorama desde el puente lanarekin itzuli da antzerkira, zenbait urte zinean zentratuta eman ondoren. Izan ere, antzerkian sari asko jaso dituen eta, beste batzuen artean Lluis Pasqual, Alex Rigola, Albert Boadella edo Lluis Homar bezalako zuzendari handiekin lan egin duen antzezlea den arren, azken urteetan oso gutxitan ikusi ahal izan dugu agertokietan. Baina argi dago Joan Sellenten eta Daniel Loayzaren moldaketa honen protagonista izatea erakargarriegia zela, eta are gehiago George Lavaudant antzezle eta zuzendari frantses ospetsuak zuzendutako lana izanda.

Ikus-entzuleek ostegunetik, urriaren 27tik, igandera, urriaren 30era, gozatu ahal izango dute antzezlanaz, ostegunean eta ostiralean arratsaldeko 20:00etan, larunbatean 18:00etan eta 21:30ean (bi funtzio egun horretan) eta, azkenik, igandean, 19:00etan.

Sinopsia

1955ean, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta hamar urtera, legez kanpoko inmigrazioa Estatu Batuetan oso zabalduta dagoen errealitatea da. Eddie Carbone, italiar jatorriko langile zintzoa, bere lobaren, neskaren, aurrean sentitzen duen pasio sutsuak nahastuta bizi da. Berak eta emazteak euren etxean jaso zuten neska umezurtz geratu zenean. Egoera jasanezin horrek gainditu egingo du, familia traizionatzera eramango du eta batez ere etorkinak diren New Yorkeko langileen artean ezarrita dagoen isiltasunaren legea apurtzera eramango du.

Egilea eta zuzendaria

Arthur Miller XX. mendeko dramaturgo garrantzitsuenetakoa da. New Yorken finkatutako etorkin juduen familia batean jaio zen, eta Estatu Batuetako antzerkia irauli zuen lanaren egilea da: Tony eta Pulitzer sariak eman zizkion Death of a salesman (Merkataritza-bidaiari baten heriotza). Horien ondoren All my sons (Denak nire seme-alaba ziren), The crucible (Salemeko sorginak) eta A view from the bridge (Panorama zubitik) etorri ziren, guztiak ere antzerki garaikideko maisu-lanak. Marilyn Monroerekin ezkondu zen, eta The misfits (Bizitza errebeldeak) lanaren gidoia idatzi zion, Clark Gablerekin batera protagonista izan zedin.

Georges Lavaudant antzezle eta zuzendari frantses ospetsua da, oso ezaguna eszenan jartze sortzaileei, soilei eta oso bisualei, eta gehienetan formatu handikoei esker. Bere lanak mundu osoan ikusi ahal izan dira. 

Ikuskizunerako sarrerak 8,50 eta 25 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.