'Bilbainadak 2016' ekitaldia jasoko du Arriagak Azaroaren 27an

uriola.eus 2016ko aza. 11a, 08:30

Azaroak 27, igandea, goizeko 11:30ean, Arriaga Antzokiak 'Bilbainadak 2016' ekitaldia jasoko du. Udalak, Radio Nervionen eta TeleBilbaoren laguntzarekin, antolatutako kontzertuan, aurtengo Bilbainada Lehiaketan irabazle izan diren eta CD batean grabatu diren lanak interpretatuko dira. 

 

Saria lortu duten lanak biltzen dituen diskoa liburu dendetan eta disko dendetan egongo da salgai (10 eurotan), eta Udal Liburutegi Sarean ere egongo da maileguan jasotzeko. Gure hiriko bilbainada talde ezagunenetakoek interpretatutako hamar abesti berri bilduko ditu.

Ohikoa denez, sarrerak zuzenean eskatu beharko dira Radio Nervioneko hainbat saiotan (94 444 00 55) eta antzokiko txarteldegietan eta BBKko kutxazainetan 200 eserleku egongo dira salgai. Sarrera guztiek 2 euroko prezio sinbolikoa izango dute. Jasotako diru guztia Bilboko Zubietxe Elkartera bideratuko da. 1993an sortutako elkartearen xedea bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea bultzatzea da.

Ekitaldira doazenek, 'Bilbainadas 2016' CDan jasotzen diren Bilbori buruzko lan berriez gozatzeko aukera izango dute. Abestiak musikari profesionalek interpretatuko dituzte, Los Jarochos, Los Cinco Bilbainos, Indarra, Gaupasa, Galea, Beti Aurrera, Los Txikis edo Irrintzi taldeek, besteak beste.

Ekitaldian, Bilbainada Lehiaketaren 2016ko edizioan saritutako abestiak entzun ahal izango dira, irabazleak, Patxi Gonzalezen El habla de Bilbao, eta Jose Maria Larrazabalen Bizkaitarren arima, eta zortzi accesitak.