Francoren bilobari gutuna antzezlana Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzi dute. Ez dute idatzi "entseguetatik kanpo idazten diren antzerki horien moldean, neguko tomateak lurrik gabe hazten diren moduan". Idazkera, oholtzari intimoki lotuta dago, egiatasuna eta indarra babesteko. Ximun Fuchs da obraren zuzendaria eta bere esanetara zazpi antzezle ari dira: Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Pako Revueltas eta Erika Olaizola.
Obra honetan hiru gai lantzen dira: gizartearen osasuna, izugarrikerien transmisioa, eta Frankismoaren oroimena eta herentzia. Alde batetik, ospitalea dago, beraz: osasunaren gaia. Gizartearen gaixotasuna neurologiaren ikuspuntutik landuko dute. Bestetik, gaixoak daude: euren egunerokotasuna eta iragana. Azkenik Francoren itzala: haren biloba.
Sinopsia
Iñakik hamar urte eta leuzemia ditu. Joxanek berrogeita sei urte eta gerra zibileko obus baten txatala buruan. Etorkizun bideragarririk ez duen ospitalean iragana eta oraina kateatzen dira Migel eta Kristina medikuen ametsetan. Itxarongeletan sekula agertzen ez diren pazienteen izen zerrendak entzuten dira ordena alfabetikoan eta Carmen Martinez-Bordiuk betetzen du bihotzeko aldizkari maiztuaren azala. Iraun beharraren gaitzak jotako komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa da Francoren bilobari gutuna.
Ikuskizunerako sarrerak 7 eta 16 euro artean eros daitezkei www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.