Egilearekin batera, literaturan espezializatutako Kike Martin kazetaria eta eleberria euskaratik itzuli duen J. M. Isasi egongo dira. Streamingez eskainiko dute saioa www.kulturguneatb.net webgunearen bitartez.
Bere hirugarren eleberria den honetan, Kirmen Uribek istorio erreal bat berreskuratzen du eta itxuraz urrunekoa den arren, gurekin lotura handia duen iraganera hurbiltzen dituen eleberri koral bilakatzen ditu irakurleak. Gerren mehatxuak alde batera uzten jakin zuen emakume baten indarraren eta ahaleginaren bitartez, eleberri honek pertsonengan babeslekua aurkitzeari eta idealen alde borrokatu beharrari buruz hitz egiten du.
La hora de despertarnos juntos lanak Txomin Letamendi musikariaren –Eusko Jaurlaritzako espia Bigarren Mundu Gerran– eta Karmele Urresti emaztearen bizitza gorabeheratsua kontatzen du. Letamendi milizia errepublikano bateko komandante izendatu zuten, eta Gerra Zibilean Bilbo erori ostean Frantziara erbesteratu zen. Bertan ezagutu zuen Karmele emaztea, bera ere erbesteratua. Biak, Errepublikaren alde laguntza bila Europan zehar bidaiatu zuen euskal enbaxada kulturalaren parte izan ziren.
Paris nazien esku erori aurretik, bikoteak Caracasera egin zuen ihes. Bertan, Jose Antonio Aguirrek, garai hartan Estatu Batuetako inteligentziarekin batera aritzen ziren euskal zerbitzu sekretuetarako erreklutatu zuen. Familia Europara itzuli zen Bigarren Mundu Gerran, eta Letamendik nazien kontrako espioitza lanak egin zituen, Bartzelonan atxilotu zuten arte. Bertan hil zen, torturak jasan ondoren. Bere gorpua ez zen inoiz aurkitu. Emazteak Venezuelara itzultzea erabaki zuen, bakarrik, hiru seme-alabak aiton-amonekin utziz, eta ez zen Euskadira itzuli Franco hil arte.
Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) gehien irakurri eta itzuli den euskal egileetako bat da. Euskal Filologian lizentziatu zen UPV/EHUn, eta Literatura Konparatu gradu osteko ikasketak egin zituen Trenton (Italia). Narratiba Sari nazionala, Euskarazko Kritikaren Sari Nazionala, Ramon Rubial Fundazioaren Saria eta Euskadiko Liburu saltzaileen Gremioaren Saria lortu zituen Bilbao-New York-Bilbao eleberria argitaratu zuen 2008an. Hamabost hizkuntzatara itzulitako eleberri hori, urteko hamabost liburu hoberenen artean aukeratu zuen Foyles liburu-denda kateak Erresuma Batuan.
2001ean Bitartean heldu eskutik poesia liburuaren argitalpenak "iraultza lasaia" eragin zuen euskal literaturan, kritikak adierazi zuenez. Gaztelaniara, frantsesera, ingelesera eta errusierara itzulitako lan horrek Kritikaren Sari Nazionala jaso zuen. Mussche (2012; Lo que mueve el mundo, Seix Barral, 2013) azken eleberriak Rosalia de Castro Saria jaso du, eta Txinan argitaratu den euskaraz idatzitako lehenengo eleberria da. Horrez gain, Raymond Carver, Sylvia Plath, Anne Sexton, Mahmud Darwish eta Wislawa Szymborska itzuli ditu, beste batzuen artean, eta bere testuak The New Yorker, El Pais edo Berria argitalpenetan agertu dira, besteak beste.