Aurkezpen egunetik adierazi nahi izan dute Biba!-ko kideek kulturgunearen "berezitasuna", sotzaileei eman nahi dieten "garrantzia", alegia. Estreinaldian Bilbo mailako 100 bat sortzaile batu zituzten, kulturaren arlo ezberdinetan aritzen direnak. Bai Biba!-koek bai sortzaileek "horrelako leku baten beharra" badela azpimarratu zuten. "Bilbon, sortzaileei begira eta sortzaileentzako proiektu baten beharra".
Taberna izateaz gain, "zerbait desberdina" izan nahi du Biba!-k, "kultura adierazpen desberdinei espazioa eskaintzeko gogoa dugulako", dio Imanol Martinez Biba!-ko lagunak. Izan ere, kulturgune eta tabernetako egitaraua musikara bideratzen da, eta Biba!-k eskaintza "irekitzea" du helburu.
Lehen hilean 8-9 emanaldi izan dira Biba!-ko oholtzan, "denetik egon da", eta emanaldi horietara "jende asko" hurbildu da. Emanaldietarako "leku goxoa" dela eta tragoak hartzeko "gustura egoteko lekua" dela aipatu dute bezeroek. Sorkuntzan aritzen den jendea ere pozik agertu da Biba! ezagutu ostean. "Konturatu dira gure nahia sortzaileak eta ikusleak ahalik eta gehien zaintzea dela".
Diskurtso berriak baikortasunetik
Ez dira "inori lekua kentzera etorri" Biba!-koak. Euskal kultura arloan, Bilbon, "asko egin dela eta asko egiten dela" irizten diote. "Guk, zentzu horretan, uste dugu beharrezkoa dela diskurtso berri baten garapena", eta horretarako ikerketa bat martxan jarriko dute –soziologo bat kontratatu dute– "auzoetan dauden kultur espazioen eta sortzaileen diagnostikoa egiteko eta dauden beharrizan eta gabeziei begiratu eta aurrerantzean diskurtso propioa sortzeko, ezkortasunetik beharrean baikortasunetik lanean hasteko".
Sortzaileei euren proiektuak gara ditzaten "beka moduko baten" ideia dute eskua artean, besteak beste.