Eztabaidak Literaturarekin ekimenak Paco Etxebarria antropologo forentsea eta J.M. Mulet idazlea elkartuko ditu

uriola.eus 2016ko abe. 13a, 09:12

Gaur, abenduak 13, asteartea, Eztabaidak literaturarekin, jende aurreko solasaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Udalaren ekimenak, Paco Etxeberria antropologo forentsea, Aranzadi Zientzia Elkarteko presidentea, eta J. M. Mulet idazle eta Valentziako Unibertsitate Politeknikoko irakaslea elkartuko ditu, literatura forentseari buruz berba egiteko.

Ohikoa denez, topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. Oraingo honetan, moderatzailea, ETBn 'El lector de huesos' programa aurkezten duen Dani Alvarez kazetaria izango da. Programa horretan Paco Etxeberriak gure azken urteetako historiako hilketa latzenak aztertzen ditu, zientzia forentsearen bitartez.

J. M. Mulet (Denia, Alacant, 1973) Kimikan lizentziatua eta Biokimika eta Biologia Molekularreko doktorea da Valentziako Unibertsitatetik, eta irakaslea Valentziako Unibertsitate Politeknikoan. Bertan, Bioteknologia Kriminal eta Forentsea izeneko aukerazko ikasgaia ematen du, euren ibilbide profesionala zientzia forentsera edo polizia zientifikora bideratu nahi duten ikasleei irtenbidea errazteko. Muletek, Los productos naturales ¡vaya timo!, Comer sin miedo (2014ko Prismas Saria gaztelaniaz argitaratutako zientzia liburu hoberenari) eta Medicina sin engaños liburuak argitaratu ditu dibulgatzaile zientifiko gisa. Horrez gain, Ciencia en la sombra sekzioa egiten du El Pais Semanalen eta Tomates con genes blogaren egilea ere bada.

La ciencia en la sombra (Destino arg.) azken liburuan, historiako hilketa ezagunetako batzuk aztertzen ditu, eta zientzialari baten zorroztasunarekin eta gertuko erregistro alaiarekin, giza izatearen alderdi ilunenean murgiltzen du irakurlea. Lan horren helburua, polizia zientifikoak hilketak argitzeko erabiltzen dituen teknikak, zenbait bitxikeria eta zinean eta telebistako serie arrakastatsuenetako batzuetan, CSI, Bones edo Castle, adibidez, egiten diren akats ohikoenetako batzuk irakurleei ezagutaraztea da.

Paco Etxeberriari (Beasain, Gipuzkoa, 1957) dagokionez, Medikuntzan doktorea da UPV/EHUn eta Medikuntza Legalean eta Forentsean espezialista, Madrilgo Unibertsitate Complutensean Antropologian eta Biologian espezialista izateaz gain. UPV/EHUko Medikuntza Fakultateko Medikuntza Legal eta Forentseko irakasle titularra da, eta 1983tik ari da bertan irakasle gisa. Aranzadi Zientzia Elkartearen barruan, Gerra Zibileko desagertuen eta hilobi komunen azterketarako eratu den lan taldea zuzentzen du. Talde hori Oroimen Historikoaren aldeko zenbait elkarterekin aritu da lanean, eta Estatu osoan egin diren ehun hilobi baino gehiago atera dituzte.

Paco Etxeberriak oso parte hartze erabakigarria izan du zoritxarrez ezagunak egiten zaizkigun hainbat kasuren ikerketan, Jose Breton aitak Ruth eta Jose umeak hil zituenekoa edo Gerra Zibileko bostehun hilobi ateratzean, adibidez, Otsaportilloa edo Gaztelukoa, besteak beste. Bere lana ere ezinbestekoa izan zen GALen biktima izan ziren Lasa eta Zabala identifikatzeko.

Hamargarren edizioa

2007ko urtarrilean Eztabaidak Literaturarekin egitaraua martxan jarri zenetik, 270 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 9.500 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marias eta Toti Martinez de Lezea, Maria Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vazquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regas edo Juan Jose Millas eta Pedro Ugarte, besteak beste.

Udaleko Kultura Sailaren ekimena, idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen euren eskutik.