Marta Urbietak eta Alberto Nuñezek euren ahotsak batuko dituzte gaur Arriagan

uriola.eus 2016ko abe. 12a, 09:50

Gaur, abenduak 12, euskal lirika Arriagako Gelatxoetara, foyerrera, itzuliko da, 20:00etan, Marta Ubieta sopranoaren eta Alberto Nuñez tenorearen emanaldiarekin. Zenbait abesti herrikoi eta egile garaikideenak abestuko dituzte.

Melodia herrikoien artean Iparragirreren edo Beobideren zenbait pieza ezagun izango ditugu, bi adibide aipatzearren. Halaber, Julen Ezkurra, Hilario Extremiana edo Carlos Imaz egungo egileen abestiak ere eskainiko dituzte, beste batzuen artean.

Ubieta eta Nuñez, Mikel N’Dong piano joleak lagunduta arituko dira eszenatokian. Horrez gain, errezitaldiak Sabino López de Guereño konposatzaile eta biolin jole beteranoa izango du, narratzaile eta errezitatzaile gisa. Bera da, hainbat kantutegitan (Azkue, Aita Donostia…) jasotako abesti tradizionalez gain, abesti liriko berriak sortzea eta ezagutaraztea bilatzen duen Euskal Kantu Liriko Berriak egitasmoaren bultzatzaile nagusia, eta kontzertu hau egitasmo horren barruan dago. Izan ere, jasotako abesti lirikoen musika kalitatea, euskaldunok melodiak idazteko orduan dugun gaitasunaren eta erraztasunaren froga garbia da. Horrez gain, euskal musika garaikideak eskaintzen duen estilo eta gai aniztasunak argi erakusten du Euskadin bizirik jarraitzen duela melodiarako sorkuntza gaitasuna, eta beharrezkoa dela hori bultzatzea eta ezagutaraztea.

Ikuskizunerako sarrerak 8 eta 12 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.