Bihar ospatuko dute lehen Kuba Eguna Areatzan

uriola.eus 2016ko abe. 16a, 09:00

Helburu bikoitza du Euskadi-Cuba, Desembarco del Granmak eta Sierra Maestra elkarteek Euskal Herrian lehen aldiz antolatu duten Kuba Egunak. Batetik, Kubako kultura jendarteratzea eta, bestetik, aldarrikapena egitea. Fidel Castrori gorazarre egitea eta AEBen blokeo ekonomikoaren behin betiko amaiera eskatzea, alegia. 

Bihar, larunbata, hilak 17, Areatzako Tingladoetan Fidel Castrori "omenaldi bihotzekoena" egingo diote. "Iraultza kubatarreko liderra eta historia garaikideko politikari handienetakoa" izan delako Euskadi-Cuba elkarteko kideen esanetan.

Bestelako aldarrikapenak ere izango du lekua egitarauaren baitan. AEBetako Trump presidenteari "AEBek uharteari ezarritako blokeo ekonomiko, finantziero eta komertzialaren behin betiko amaiera" eskatuko diote. Izan ere, elkarteak adierazi duenez, blokeoak "ikutu gabe jarraitzen du", kubatarrei "bitartekoen gabezia sorraraziz eta era guztietako sufrimendua eraginez". 

Kuba Egunak aldarrikapen "historikoa" ere berpiztuko du larunbatean: "Legez kanpo okupatutako Guantanamoko lurraldearen itzulketa, blokeoak 60 urtetan eragin duen kaltearen indemnizazioa; eta esku-hartze, gerra mediatiko eta ezegonkortze programen finantziazio milioidunaren amaiera" exijituko dituzte. 

Bestetik, ospakizun eta jai kutsua ere izango du. Kuba Egunak uharteko "musika, dantza, erlijio eta kirola" gerturatuko ditu Bilboko Areatzara, bilbotarrek bertatik bertara ezagut ditzaten.

Biharkoa data esanguratsua da kubatarrentzat, San Lazaro eguna ospatzen dutelako (Babalú Ayé astikerian erabiltzen den hitza) eta bi urte betetzen direlako AEB-Kuba arteko diplomazia harremanak berreskuratu zituztela. Bi urte pasa dira baita "bost heroi kubatarrak" askatu zituztela, "era bidegabean AEBetan preso izan eta gero".  

 

Egitaraua

11:00 Puzgarriak, umeentzako jolasak, antolatzaileen informazio mahaiak, Kubako artisautza, xakea, Kubako dominoa eta erakusketak. 

12:00 Mahai ingurua (Ramon Bustamantek moderatua): Cuba: el legado de Fidel y el futuro de la Revolución”.

13:30 Kantaldi parte-hartzailea eta Fideli omenaldia, Orlis Pineda trobadore kubatarraren eskutik.

18:00 Dantzaldi kubatar parte-hartzailea.

18:45 Dantza San Lazarori (Babalú Ayé), Sierra Maestra taldea.

19:00 Orlis Pineda trobadore kubatarrak Baracoa diskoa aurkeztuko du (Matthew hurakanak kaltetutako gunea).

20:30 Havana 537 taldearen kontzertua.

 

Non eta noiz 

Areatzako Tingladoetan

Abenduak 17 larunbata

Doakoa

Antolatzailea: Euskadi-Cuba elkartea

Babesleak: Desembarco del Granma, Sierra Maestra eta Bilboko Udala. 

www.euskadicuba.org