Guztien artean, gabon kanta klasikoetan eta ezagunetan oinarritutako lanen bilduma eskainiko dute, Carlos Imaz konposatzaileak moldatutakoak eta egokitutakoak, kantak galaz janzteko, kamera errezitaldi bati dagozkion arropekin. Lan egiteko orduan, gabon kantek euren jatorrizko erritmo eta melodia ezaugarriak berreskuratzea izan du kontuan Imazek, sena galdu barik. Hori dela eta, bere ekarpenen helburua, kanta horiek dotoretzea, hedatzea eta merezi duten musika espaziora eramatea izan da, ikus-entzuleak era atsegin, dotore eta freskagarrian bereganatzeko.
Izan ere, ez da erraza izango betidaniko gabon kantek baino sustraituago dagoen musika formarik aurkitzea. Euskaraz edo gaztelaniaz idatzita, testu eta melodia xume baina zalantzan jarri ezin daitekeen eraginkortasunekoak, gure kultur esentziaren transmititzaile izan dira, batzuetan transmisio hori ia konturatu gabe egin den arren.
Carlos Imazek eta Rossini Abesbatzak oso egitarau osatua eta anitza prestatu dute. Bertan, abesbatza mistorako gabon kanta tradizionalak daude, Ya viene la vieja edo El tamborilero; euskal gabon kanta ederrak, Birjina maite edo Hator, hator; eta ezinbestekoak diren Olentzero edo Noche de paz, kontzertua ikustera doazenek berehala ezagutuko dituzten melodietako batzuk baino ez aipatzeagatik.
Ikuskizunerako sarrerak 8 eta 12 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.